Internet bidez, telefonoa musu-truk
2005/04/03 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Oraingoz ez du ohiko telefonoa ordezkatu, baina enpresa eta etxe askotako telefono-fakturak murriztea lortu da, behinik behin. Internet bidez deiak egin eta jasotzeko programei buruz ari gara. Programa horiek ahotsa bidali eta jasotzeko Interneteko Protokoloa (IP) erabiltzen dute. Skype izan zen lehenengoa, eta atzetik beste hainbat etorri dira.
IP bidezko deiak dohainik dira konpainia bereko bezeroen artean (nolabait esateko, ordenagailu batetik bestera egindakoak, nahiz eta nahitaez hala izan beharrik ez duen), eta ohiko telefonoetara ere dei daiteke, ohikoa baino tarifa askoz ere merkeagoarekin: minutuko bi zentimo inguru ordainduta.
Internet bidezko deien gorakada sarearen hobekuntzari esker gertatu da. Hasieran deien kalitatea ez zen oso ona, baina banda zabala leku askotara hedatu da —enpresetan ez ezik etxe partikularretan ere badago—, eta, horri esker, ahotsa azkar eta garbi iristen da. Wi fi bidez ere erabil daiteke, gainera, hau da, kablerik gabeko konexioetan; eta, pentsatzekoa da, aurrerantzean konexioen neurri berean hobetuko direla deiak ere: erosoagoak izango dira.
Faktura merkeagoa batzuentzat
Oraingoz ez du jende askok deitzen Internet bidez. Geroz eta gehiago dira, hala ere; urtero % 200 igotzen omen da erabiltzaile-kopurua. Eta jende gehienak horretarako aukera daukanean iraultza etorriko da; izan ere, orduan ez da izango telefon-fakturarik, edo oso merkeak izango dira behinik behin. Bien bitartean, nazioarteko dei asko egiten dituztenek igarriko dute fakturan beherakada; eta baita mugikorretara dei asko egiten dituztenek ere.
Eta benetako iraultza sakelako telefonoko deiak IP bidez egiten direnean izango da. Eta hori ez dago hain urruti. Hirugarren belaunaldiko telefono deituriko horiek dagoeneko eskaintzen dute Internetera sartzeko aukera; bada Internetetik programa egokia jaitsi besterik ez da egin behar telefono-deiak askoz merkeago izateko. Are eta errazago, sakelako telefono batzuk programa horiek instalatuta ekarriko dituzte etorkizunean. Motorola, esate baterako, Skype-rekin akordio batera iritsi da, eta telefono berri batzuek deiak IP bidez egiteko softwarea ekarriko dute.
Orduan, hileroko telefono-fakturan ordaintzen ez dena horietako telefono bat erosten gastatuko da seguruenera. Baina ordenagailutik bertatik ere egin daitezke deiak, noski, edo agenda elektroniko batetik. Interneterako konexio azkarra eta softwarea behar dira, eta mikrofono bat eta bozgorailuak edo aurikular batzuk ere bai. Dena dela, ohiko telefonoaren antzerako bat ordenagailuari konektatzeko aukera ere badago; IP-deietarako konpainiek eskaintzen dute halako telefono bat ere: ohiko telefono baten itxura du, baina USB konexio bat du ordenagailuarekin bat egiteko.
Nola erabili
Internet bidez dei bat egitea ez da batere zaila, funtzionamendua posta elektronikoaren antzerakoa da. Halako deiak eskaintzen dituzten web horri batean sartu besterik ez dago, izena eman eta programa ordenagailura jaitsi. Kontuan izan behar da izena ematerakoan hamar bat euro aurreratu behar direla egingo diren deietarako —deiak egiteko kreditua izan behar da, telefono mugikor batzuetan txartela kargatzen den bezala—.
Telefono-zenbaki bat izan beharrean erabiltzaile-izena eta pasahitza izaten dira, norberak aukeratutakoak, eta norbaiti deitzeko ere izenaren arabera egiten da. Hala, leiho horretan dagoen agendan zenbakiak izan beharrean izenak agertzen dira. Agendaz gain, norbaitek deitu duen azaltzen da (dei galduak, alegia), eta azkeneko deiak nora egin diren edo nondik jaso diren ere agertzen da. Noski, ohiko telefono batera deitu nahi izanez gero, zenbakiak markatzeko aukera ere bada.
Bestalde, txat batzuen antzera, agendako zer lagun dauden une horretan konektatuta ere azaltzen da, alferrikako deirik egin behar ez izateko.
Erabilgarria da, kalitate onekoa... argi dago jarraian datorren galdera zein den: zergatik da hain merkea? Ohiko telefonoa garesti egiten duena kablea da, kobrezko kableen mantentzea. Horregatik, zenbat eta urrutiagora egin deia orduan eta garestiagoa da. IP deietarako, ordea, Interneteko sarea erabiltzen da, eta deiak egiteko programa edo softwarea doan banatzen dute, izan ere, ekoizpen-gasturik ez dute.
Lehiakide gogor horiek ikusita, telefono-konpainia handiak hasiak dira bidegabeko lehiarik izan ez dadin legearen babesa eskatzen. Baina hobe dute bizi ibili atzean geratu nahi ez badute. Britainia Handiko telefono-konpainia handiena, esate baterako, bezero guztiei IP sarea eskaintzekotan da bospasei urteren buruan; eta, diotenez, Google ere IP bidezko deiak eskaintzekotan da. Internet bidezko deien merkatuaren jabe egiteko lasterketa hasi da.
7K-n argitaratua.