}

Interneteko irudiek testuek baino gehiago indartzen dituzte genero-isuriak

2024/02/15 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

interneteko-irudiek-testuek-baino-gehiago-indartze
Interneteko irudiek genero-estereotipoak indartu eta areagotzen dituztela frogatu dute. Arg. Magda Ehlers/CC 4.0

Interneteko irudiek testuek baino genero-isuri handiagoa dute, Nature aldizkarian irekian argitaratutako lan baten arabera. Horrez gain, pentsaeran eragin handiagoa ere badutela frogatu dute. Horrenbestez, eta irudien kontsumoa gero eta handiagoa dela aintzat hartuta, ezinbestekotzat jo dute ikerketa gehiago egitea fenomeno hori hobeto ezagutzeko, eta internet etorkizunean bidezkoagoa eta inklusiboagoa izan dadin.

AEBko, Kanadako eta Erresuma Batuko ikertzaile-talde batek egin du ikerketa, eta, haren esanean, gai honi buruz egindako zabalena da. Hain zuzen, Googleko, Wikipediako eta IMDb datu-baseko milioi bat irudi eta testu baino gehiago aztertu dituzte, 3.500 kategoria sozialen arabera, bai lanbideak (su-hiltzailea, medikua, irakaslea…), bai rolak (bizilaguna, adiskidea, gurasoa…). Irudiak, berriz, aurpegiek iradokitzen zuten sexuaren arabera sailkatu dituzte (% 2 ez-bitar gisa sailkatu zituzten, baina azterketa hautemandako sexuan oinarritzen zenez, baztertu egin zituzten). 

Bada, kategoria horietako terminoekin bilaketak eginda, baieztatu dute gizonak neurriz gain daudela ordezkatuta emaitzetan, bereziki, irudietan. Esate baterako, iturgin, poliziaburu eta zurginen bilaketak joera handiagoa dute gizonezkoen aurpegiak erakusteko; eta baleteko dantzaria, ile-apaintzailea eta erizaina, berriz, emakume-aurpegiak erakustekoa. Testuetan, aldiz, joera ez da hain nabarmena. Adibidez, Google Images-en (irudiak) genero-isuria lau aldiz nabarmenagoa da Google News-en baino (testua).

Isuria zenbaterainokoa den neurtzeaz gain, erabiltzaileetan izan ditzakeen ondorioak ere aztertu dituzte, esperimentu baten bidez. Esperimentu horretan, Google News-en edo Google Images-en zeregin jakin batzuk bilatzeko eskatu zitzaien 450 laguni; bitartean, kontrol-talde batek ausazko objektuak bilatu zituen. Parte-hartzaile bakoitzari zeregin haiekin lotura handiena duen sexua kalifikatzeko eskatu zitzaion. Emaitzen arabera, irudiak bilatu zituzten pertsonek genero-isuri handiagoa izan zuten, testuetan bilatu zutenek baino eta kontrol-taldeak baino. Ikertzaileek, beraz, ondorioztatu dute irudiek areagotu egiten dituztela ageriko genero-isuriak.

Halaber, ohartarazi dute, batetik, irudizko edukiek gero eta garrantzi handiagoa dutela gizartean (Snapchat, TikTok…), eta, bestetik, adimen artifizialeko programek sortutako irudiek genero-isuri handia izaten dutela. Hortaz, arazoa areagotzen ari da.Horregatik, etorkizuneko internet inklusiboagoa izan dadin, beharrezkoa iritzi diote ildo horretatik ikertzen jarraitzea, eta joerari aurre egitea.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia