Intsektu-begi artifizialak
2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Intsektuen begia eredu hartuta, begi artifizial bat egin dute Berkeley Unibertsitateko bioingeniari batzuek. Hori dela eta, itxuran intsektuen begiaren antza du, eta baita funtzionamenduan ere; izan ere, norabide guztietan ikusteko gai da.
Intsektuek, sorgin-orratzak eta euliak esate baterako, begi askoz edo omatidioz osatutako begi konposatuak dituzte. Bada, laborategian milaka lentez osatutako begiak sortu dituzte. Lente horiek argia jasotzen duten kanal bana dute. Neurriz, formaz eta funtzioz intsektuen omatidioen oso antzekoak dira; lenteak ordenatzeko era antzekoa da, erleen abaraskaren antzekoa, eta esfera-erdi bat osatzen dute.
Berkeley Unibertsitateko bioingeniariek Science aldizkarian azaldu dutenez, halako begiak erraz eta merke ekoitzi ahal izatea izan dute helburu. Horri esker, aplikazio ugari izango omen dituzte, medikuntza eta kirurgiarako kamerak eta kateterrak adibidez.