}

Intsektuak eta ur gaineko tentsioen jokoa

2005/10/04 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Putzu baten ertza ez da laua intsektu baten ikuspuntutik. Izan ere, urak eta lurrak elkar ukitzen duten puntuan, urak gora egiten du likidoaren gainazalaren tentsioaren ondorioz; menisko izeneko gunea sortzen da, alegia. Intsektu handiek erraz gainditzen dute meniskoa putzutik irten nahi dutenean. Baina intsektu txikiek, ordea, oso teknika berezia erabili behar dute putzutik ateratzeko.

Estatu Batuetako MIT institutuko ikertzaileek teknika hori aztertu dute abiadura handiko bideoen bitartez, eta teknikaren gakoa ulertzea lortu dute: intsektuek bultza egiten diote ur-gainazalari, gorputzaren aurrealdean eta atzealdean deformatzeko. Deformazio horien ondorioz, gainazalaren tentsioa handitu egiten da, eta intsektuak tentsio handi hori erabiltzen du meniskoan gora egiteko; izan ere, meniskoa ere gainazal-tentsio handiko gunea da, eta likidoak berak bi gune horiek elkartzen ditu gainazal osoko tentsioa ahalik eta txikiena izan dadin.

Irudiak eta bideoak ikusteko, egin klik hemen.