}

Intsektuak hiltzen dituen zuhaitza

1994/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Nim edo margosa izeneko arbolaren fruituek 200 intsektu-espezie hiltzen dituen azadirachtina izeneko itsektizida indartsua dute.

Indian biopestizida natural bat produzitu nahi dute nim edo margosa (Azadirachta indica) izeneko arbola baten fruituak erabiliz. Zuhaitza 10-15 metro altukoa izaten da eta Birmania zein Indiakoa da. Gaur egun Asia eta Afrikako lurralde lehorrak kolonizatzen ari da eta normalean su-egur edo eraikuntzarako zur gisa aprobetxatzen da.

Zuhaitzak horrez gain ordea, olio askoko fruituak ditu, eta horiek dira, hain zuzen, orain industrian erabili nahi direnak. Fruituek izan ere, 200 intsektu-espezie hiltzen dituen azadirachtina izeneko intsektizida indartsua dute. Argitu beharra dago ordea, intsektizida horrek ugaztunei, hegaztiei eta erleei zein beste zenbait intsektu mesedegarriri ez diela inolako kalterik egiten.

Intsektizida natural hau fabrikatzeko industria Indiako hegoaldean Karnataka estatuko Tumkur hirian egingo dute. Egunero 20 tona fruitu erabiliko ditu.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia