}

Intsektuak, ilusio optikoek kaltetuta

2009/02/17 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Bitxiak izaten dira, oso, ilusio optikoak. Mugitzen ari ez den irudi bat mugitzen ikusten dugu batzuetan; marrazki berean, trazu berez eginda atso zahar itsusi bat eta neska gazte lirain bat ikus ditzakegu besteetan... Batzuetan, eta batzuentzat, ordea, arriskutsuak izatera irits daitezke. Baita arazo ekologiko izatera iritsi ere.
Eraikinak eta asfaltozko errepideak ur-putzuak balira bezala ikusten dituzte hainbat animaliak.

Demagun, adibidez, basamortuan eguzki-galdatan doala pertsona bat. Halako batean, han, urrutian, uretan islatzen ari den palmondo-multzo bat ikusi du, oasi bat! Korrika abiatu da. Berdin dio gehiago izerditzen bada korrika joanda; berehala iritsiko da oasira, eta nahi adina edan ahal izango du... Ibili eta ibili egin arren, ordea, ez da sekula iritsi oasira. Ikusi duen oasia ispilatze bat zen; azalera beroetan eguzki-argia islatzean sortzen den fenomeno optikoa. Oso urrun dauden objektuak, kasu honetan, palmondoak, laku batean islaturik baleude bezala ikusi ditu.

Hamaika aldiz entzun ditugu horrelako kontuak ipuinetan eta filmetan. Nork edo nork izango zuen, agian, horrelakorik bertatik bertara bizitzeko 'parada', inoiz urrutiko basamorturen batera joan bada, edo.

Beste bizidun batzuk, gure inguruan bizi diren intsektuak, esate baterako, ez dira hain urrutira joaten, eta, hala ere, horrelako ispilatzeak, eta kalteak, pairatzen dituzte. Michigan Estatu Unibertsitateko ikertzaile-talde baten arabera, gizakiok sortutako gainazal ilun eta distiratzaileek, hala nola hirietako eraikinek eta asfaltozko errepideek, horrelako efektuak eragiten dizkiete intsektuei.

Ezinbestekoak dira ur-putzuak intsektuentzat, ur-putzuetan bilatzen baitute elikagaia eta jartzen baitituzte arrautzak (Argazkia: Mxruben)

Ur-putzuak balira bezala

Eguzkiak ez dio eredu jakin bati jarraitzen argi-izpiak igortzeko; norabide guztietan ateratzen dira argi-izpiak Eguzkitik. Lurraren atmosfera zeharkatzen dutenean, eta Lurreko gainazal distiratzaileetan islatzen direnean, ordea, argi-izpiak ordenatu egiten dira, eta norabide bakarra hartzen dute guztiek. Argi polarizatu esaten zaio argi horri.

Naturan, ur-putzuak izan ohi dira gainazal distiratzaileak, eta intsektuek eta beste hainbat animaliak erreferentzia gisa erabiltzen dituzte. Argi berezi hori igortzen duten guneetara hurbiltzen dira, ur-putzuak direlakoan. Ur-putzuak ezinbestekoak dira hainbat animaliarentzat: ur-putzuetan bilatzen dute elikagaia eta jartzen dituzte arrautzak.

Bada, ezinbestekoa duten inguruneak ez baizik eraikin edo asfaltozko gainazal batek igortzen duenean haientzat erreferentziazkoa den argi polarizatua, kalte izugarri handia jasaten dute animaliok. Michigango ikertzaileak eta haren lankideek behin baino gehiagotan aurkitu dituzte ugaltzera ur-inguruneetara hurbiltzen diren intsektuak asfaltoaren gainean eta auto gorri baten sabaian jartzen arrautzak.

Naturan, ur-putzuak izan ohi dira gainazal distiratzaileak, argi polarizatua igortzen dutenak.

Jakina, argia ur-putzuek bezala islatzeak ez ditu egokiak egiten toki horiek arrautzak aurrera ateratzeko. Beraz, galdu egiten da hainbat eta hainbat animaliak beren espezieak iraun dezan egiten duten ahalegina.

Argi polarizatuaren poluzio deitzen diote ikertzaileek fenomeno horri. Arazo handiena da, ikertzaileen ustez, gizakiok sortutako eraikinak gero eta ugariagoak direla, eta, noski, gero eta azalera handiagoa hartzen ari direla. Hortaz, intsektuek aukera gehiago dituzte huts egiteko eta behar ez duten lekuan egiteko berez uretan egin beharko lituzketen jarduerak.

Hainbat adituk uste dute arazo hori uste baino larriagoa dela. Egia esan, ez dira azterketa asko egin arazoa noraino iristen den jakiteko, baina uste dute intsektuetatik harago ere iristen dela. Adibidez, esaten dute argi polarizatua islatzen dutelako jaten dituztela dortokek plastikozko poltsak, beren elikagai gogokoenarekin, marmokekin, nahasten dituztelako, nonbait.


Deia -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia