Ipar Atlantikoko plastikoek Artikoan amaitzen dutela frogatu dute
2017/04/21 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Europako eta Estatu Batuetako Atlantikoko kostetan itsasora botatzen diren plastikoek Artikoan amaitzen dutela erakutsi du egin berri dute ikerketa batek; bereziki, Barents eta Groenlandiako itsasoetan.
Cadizko Unibertsitateko ikertzaileek zuzendu dute ikerketa, eta tartean AZTIkoak ere aritu dira. Sciences Advances aldizkarian argitaratu dute lana, eta, haren arabera, emaitza ezustekoa izan da. Hain zuzen ere, zientzialariek ondo ezagutzen dituzte plastikoen pilaketak ozeano subtropikaletan. Lasterren biraketetan, kostan botatako plastikoak biltzen dira, eta, denborarekin, desegiten eta hondoratzen joaten dira. Artikoan, ordea, ez zuten uste halakorik egongo zenik, inguruko kostetan ez baitago populaziorik. Alabaina, orain egindako ikerketan frogatu dute, Ozeano Artikoaren azalaren % 37 garbi dagoen arren, badaudela poluitutako eremuak. Hala, Barents eta Groenlandiako iparraldean eta ekialdean neurtu dituzte plastiko-kontzentrazio handienak.
Plastiko horren jatorria ere aztertu dute, eta, itsasoan bildutako datuak eta itsas zirkulazioaren ereduak erabilita, ikusi dute Ipar Atlantikoko kostatik iristen direla hara; hau da, Estatu Batuetako ekialdetik eta Europako Atlantikoko kostatik. Azaldu dutenez, zirkulazio termohialinoak tropikoetako ur beroa eramaten du iparraldera, eta harekin batera garraiatzen du plastikoa. Artikora iritsitakoan, ura hoztu eta hondoratu egiten da, eta berriro hasten du tropikorako bidea. Plastikoa, berriz, ur azalean geratzen da.
Ikertzaileen ustez, Artikoko eremu horien hondoa plastikoen hobi bilakatzen ari da, eta horrek Artikoko ekosisteman izan ditzakeen ondorioen larritasunaz ohartarazi dute.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia