}

Ipar Itsasoko krater harrigarriaren jatorria

2002/08/02 Elhuyar Zientzia


1992an, Britainia Handiko kostatik 140 km-ra petrolio bila zebiltzala, geologoek krater harrigarri bat aurkitu zuten Ipar Itsasoan. 40 metroko sakoneran, itsas hondotik 300-1.500 metro hondoratzen zen kraterrak 3 km-ko zabalera zuen, eta erdian tontor koniko bat zuen. Gainera, kraterraren inguruan eta 2-10 km-ko distantziara, eraztun zentrokideak agertzen ziren.


Eguzki-sisteman badaude horren antzeko egiturak, meteoroen edo kometen talkaren ondorioz sortuak; adibidez, Jupiterren Europa eta Kalisto ilargietan. Lurrean, aldiz, ez zen horrelakorik aurkitu ordura arte, eta, horregatik, ikertzaileek azterketa ugari egin dituzte ez zela beste era batera sortua izan baztertzeko. Besteak beste, 1984an eta 1993an, egitura zulatu zuten datu gehiago izateko, eta azken ikerketak sismologian erabiltzen den hiru dimentsioko irudi-sisteman oinarritu dira.


Itxura guztien arabera, Ipar Itsasoan aurkitu zuten Silverpit kraterra meteoro baten talkak sortua da, galaxiako besteak bezala. Dirudienez, duela 60-65 milioi urte inguru, 2.000 tona pisatzen zuen eta 120 m-ko diametroa zuen meteoroak itsas hondoaren aurka jo zuen. Toki horretan arroka sedimentario geruzatuak zeuden, eta geruza horietako batzuk klerazkoak ziren; ahulagoak zirenez, gaineko geruzak puskatu eta erdialdera irristatu ziren. Horrela sortu omen ziren inguruko eraztunak.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia