Paranthropus-en dieta
2006/11/14 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Australopithecus-ak, gure arbasoetako batzuk, basoetan bizi ziren. Baina, baso haiek desagertu egin ziren klima-aldaketaren eraginez, , eta ondorengoek, Paranthropus generokoek, zelaietan bizitzen ikasi behar izan zuten. Zelaietan bizitzen ikasteak, besteak beste, dietan eragin zuen. Adibidez, basoan ez bezala, zelaietan ez zegoen frutarik. Orain arte, antropologoek uste izan dute Paranthropus-ek haziak eta fruitu lehorrak jaten zituztela. Baina hori bakarrik jaten zuten?
Galdera horri ezetz erantzun diote antropologo estatubatuar eta ingeles batzuek, Paranthropus-en hortz fosilak aztertu ondoren. Hortzak eta karbono dioxidoa. Izan ere, jatean, landareak duen karbono dioxidoaren zati txiki bat xurgatu egiten du hortzen esmalteak. Gainera, landare bakoitzak bere erara gordetzen du karbono dioxidoa, eta, beraz, Paranthropus-en esmaltearen gasa aztertuta argitu daiteke animaliak zer jaten zuen.
Horrela jakin dute antropologoek Paranthropus-ek, haziez eta fruitu lehorrez gain, hainbat belar tropikal, zuhaixken baiak eta beste mota batzuetako fruituak jaten zituztela. Horrekin batera, antropologoek aurkitu dute urtaro batetik bestera aldatu egiten zela Paranthropus-en dieta.
Argazkia: David Brill, Transvaal Museoa.