Iparrizarra, geroz eta argalagoa
2012/02/06 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Lurraren Ipar polo geografikoarekin lerrokatuta dagoelako, egonkor, iparrorratz gisa erabili da mendetan Iparrizarra. Polaris gertutik aztertzen duten astronomoentzat, ordea, ez da hain izar egonkorra: distira hartu eta galdu egiten du lau eguneko ziklotan, eta, argitaratu den azken ikerketaren arabera, Lurraren masa adina gas galtzen du urtero —izarraren masaren milioirena baino pixka bat gutxiago—.
Bonngo Unibertsitateko astronomoek egin dute proposamena, The Astrophysical Journal Letters aldizkariaren otsaileko zenbakian. Haien esanean, izarrak gasa galtzea da hipotesi onena azaltzeko zergatik ari den moteltzen distira-zikloa.
2005ean argitaratutako lan batean eman zen jakitera moteltzearen berri. 1844tik hasi eta 2004ra arteko datuak aztertuta, Halifaxeko Saint Mary Unibertsitateko astronomoek kalkulatu zuten 4,5 segundo luzatu dela urtez urte distira-zikloa, eta, salbuespenak salbuespen, erritmo erregularrean gertatu dela moteltzea.
Bonngo Unibertsitateko ikertzaileek osatu egin dute ikerketa. 2004tik 2011ra arteko neurketak gehitu dizkiete aurrekoei, eta ondorioztatu dute iparrizarraren periodo-aldaketa ez datorrela bat izarren eboluzioa iragartzeko gaur egungo ereduekin, eta masa-galeraren hipotesiak betetzen duela ereduaren iragarpenaren eta neurketen arteko zuloa.
Halifaxeko ikerketa-taldearen arduradun David Turnerrek ez du uste, ordea, izarrak gasa galtzen duela proposatzea beharrezkoa denik periodoaren moteltzea azaltzeko. Turnerren hipotesia beste bat da: izarra orain arte jo den baino gazteagoa dela, eta bizi-zikloaren eboluzioaren fase goiztiarrago batean dagoela. Hala izatera, ez legoke desbideraketarik ereduarekiko, ez eta gas-galerarik ere.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia