}

Phoenix-en abenturak Marten

2009/01/25 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Urtebeteri probetxu handia ateratzen diote zientzialariek; gauza asko egin ditzakete, eta egiten dituzte urtebetean. Iaz, adibidez, NASAk hainbat misio abiarazi zituen, martxan zeuden hainbat bukatutzat jo zituen, eta hainbat gauza deskubritu zituen espazioan. Horietako bat izan zen Phoenix zundaren misioa.
Phoenix -en zeregina izan zen Marten lurra hartzea eta hango hainbat ezaugarri neurtzea. (Argazkia: NASA )

Izan ere, 2008an hasi eta bukatu zen Phoenix- en zeregina, Marten lurra hartzea eta hango hainbat ezaugarri neurtzea. Jakina, horrek bidea eman zien zientzialariei Marteri buruzko hainbat gauza ezagutzeko. Denak batean.

Marteri buruzko hainbat gauza jakin nahi dituzte zientzialariek Phoenix- en bidez. Besteak beste, espero dute jakitea Marten bizia egon ote zen edo egon daitekeen, eta Marteren klima deskribatu eta planetaren geologia aztertu nahi dituzte.

Maiatzaren 25ean ukitu zuen lehenengoz Marteren gainazala. Planeta gorrian zuloak egin zituen, lur-zatiak atera zituen eta zati haiek aztertu zituen. Datu horiez gainera, 25.000 argazki inguru atera zituen Phoenix- ek.

Eskuratutako informazio guztia Lurrera bidaltzeko, zunda bera ez baita sekula itzuliko gurera, NASAk Marteren inguruan biraka dituen bi zundaz baliatu ziren. Zunda horiek bitartekari-lanak egiten dituzte, eta erraztu egiten dute Marteko gainazalean dauden tresnen eta NASAko zientzialarien arteko komunikazioa.

Maiatzaren 25ean ukitu zuen lehenengoz Marteren gainazala Phoenix -ek, eta azaroaren 11n eman zuten misioa bukatutzat. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/Arizonako Unibertsitatea )

Ur bila

Jasotako datuak zehatz-mehatz aztertuko dituzte zientzialariek, baina dagoeneko emaitza batzuk ezagutzera eman ditu NASAk. Batez ere, ura agertzearekin lotutako berriak izan dira. Ekainean baieztatu egin zuten Phoenix- ek izotza aurkitu zuela lur azpian, zulo bat eginda. Zuloan, izotzezkoak edo gatzezkoak izan zitezkeen koskor batzuk agertu ziren. Handik egun batzuetara, ordea, ikusi zuten koskor haietako batzuk sublimatu egin zirela; gas bihurtu zirela, alegia. Eta gatza ez da sublimatzen.

Izotz hura izoztutako ura izan zitekeen, baina ez ezinbestean; karbono dioxido izoztua ere izan zitekeen. Bada, lur-zati batzuk aztertuta, Phoenix- ek frogatu zuen izotza izoztutako ura zela. Gainera, elur-malutak detektatu zituen Marteren atmosferan. Maluta haiek ez ziren iritsi, dena den, planetaren gainazalera; bidean sublimatu egin ziren.

Zergatik dute horrelako obsesioa urarekin? Bada, Lurrean, gurean, ura osagai garrantzitsua da. Guk ezagutzen dugun bizia ez litzateke posible izango urik ez balego. Hortaz, Marten ura badago, litekeena da bizia egotea.

Phoenix -ek lur azpian aurkitutako izotz-koskor batzuk, aurkitu eta egun batzuetara desagertu ziren. Ezkerreko argazkian koskorrak ikus daitezke, eta eskuinekoa eremu berean ateratako argazki bat da, koskorrik gabe. (Argazkia: NASA/JPL-Caltech/Arizonako Unibertsitatea/ Texas A M Unibertsitatea )

Hasi eta bukatu

Emankorra izan zen, beraz, Phoenix- ek Marten eginiko ibilaldia. Gauza guztiak bezala, ordea, bukatu ere bukatu zen. Bidali aurretik zekiten zientzialariek ez zela oso luzea izango.

Azken batean, Marteren Ipar polora bidali zuten, eta hara ere iritsi behar zuen neguak, lehenago edo geroago. Negua iristearekin batera, pixkanaka gutxituz joan zen Eguzkitik iristen zitzaion energia, eta pixkanaka moteltzen joan zen haren jarduera, lanean aritzeko beharrezko energia Eguzkitik eskuratzen baitzuen.

Dena den, uste baino gehiago iraun zuen. Bidali zutenean aurreikusi zuten hiru bat hilabete iraungo zuela martxan, eta, azkenean, bost hilabete eman zituen lanean. Azaroaren 11n eman zuten bukatutzat Phoenix zundaren misioa.

Orain, Martetik zuzenean jasotako datu mordoa dute aztertzeko zientzialariek. Phoenix- ek eman du eman beharrekoa, eta Marten gelditu da, betiko. Eta, kontrakoa gertatzen ez den bitartean, txatar mordo bat besterik ez da. Batek daki datorren udan, Eguzkia indarrez berotzen hasten denean, berriz martxan jarriko den! Zientzialariek esan dute, badaezpada ere, jarraituko dutela harekin harremanetan jartzen...

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia