}

Irabazleak aurrez aurre

2009/04/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Irabazleak aurrez aurre
2009/04/01 | Roa Zubia, Guillermo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

1. saria: Xixareak, dortoka erraldoiak eta hidra hilezkorra

(Argazkia: I. Ibañez)

Egilea: Xabier Artaetxebarria Artieda

Artikuluaren gakoa hilezkor hitzean dago?

Labur esanda, gaia da animalien zahartzea. Nire ustez, ez dugu gai horri buruz asko pentsatzen; badakigu zahartzea gertatzen dela, naturala dela, baina ez gara saiatzen ulertzen zergatik gertatzen den. Pentsatzen hasita, agian ez da logikoa.

Baduzu zuk erantzun bat?

Oso galdera zaila da. Artikuluan saiatu naiz ikuspuntu ezberdinetatik egon daitezkeen azalpenak ematen. Baina ez dago esaldi batean eman daitekeen erantzun sinplerik.

Gai filosofikoa da.

Alde horretatik, beldurra ematen zidan gai horretan sartzea, une batetik aurrera zientziatik filosofiara pasatzen den gaia baita, eta arriskutsua iruditzen zitzaidan. Horregatik, zientziaren arloan mantentzen saiatu naiz, baina ikuspegi zabal batekin. Ez dut indarra jarri nahi izan zahartzeak zeluletan duen eraginean bakarrik.

Informazio genetikoaren eraginari garrantzia eman diozu. Zergatik?

Artikuluan planteatzen dudan galderetako bat da ea informazio genetikoan programatuta dagoen animalien zahartzea. Horren inguruan teoria bat baino gehiago daude.

Bizidunik zaharrenak zuhaitz batzuk dira. Zergatik ez dituzu landareak sartu artikuluan?

Ni ez naiz aditua gai honetan, eta artikulua idazteko egin dudan azterketa animalietan zentratu dut. Dena den, landareetan prozesuak oso ezberdinak dira. Lau mila urteko zuhaitz horietatik adaxka bat hartuta, zuhaitz gazte bat sor daiteke. Ezberdina da. Alde batetik, horregatik ez ditut aztertu. Bestalde, animaliak gertuago ditugu.

Gai honetaz idatzi baduzu ere, ez zara biologoa.

Telekomunikazio-ingeniaria naiz, baina Nafarroako Unibertsitateko CIMA zentroan egiten dut lan, medikuntza aplikatua lantzen duen zentro batean, eta biologoz eta medikuz inguratuta nago. Gainera, minbiziarekin lotuta dagoen proiektu batean ari naiz lanean. Hain zuzen, minbiziarekin gertatzen dena da zelulak nolabait hilezkor bihurtzen direla. Hori biologoentzat gauza normala da, baina nik ideia hori entzun nuenean esan nuen: "Nola? Hilezkor?" Galdezka hasi nintzen, artikuluak eman zizkidaten irakurtzeko, eta gaian sakontzen hasi nintzen. Azkenean, minbiziaren zelula hilezkorretatik, xixareak, dortoka erraldoiak eta hidra etorri zitzaizkidan.

2. saria: Ardagaiak, basoak pizten dituzten txinpartak

(Argazkia: I. Ibañez)

Egileak: Ostaizka Aizpurua Arrieta eta Antton Alberdi Estibaritz

Nola aukeratu zenuten artikuluaren gaia?

Antton Alberdi: Egia esan, hasieran ez genuen asmorik aurkezteko, baina mikologiako ikasgairako mintegi bat genuen prestatuta, eta Ostaizkak proposatu zidan gaia laburtzea, pixka bat eraldatzea eta sariketan aurkeztea. Bi astean moldatu genuen; Artikutzara joan ginen, argazki batzuk atera, ordenagailuan irudi batzuk egin eta aurkeztu. Eta ondo atera zaigu inbertsioa.

Sariketa honetatik kanpo ere, dibulgazioan aritzen zarete, ezta?

Ostaizka Aizpurua: Badugu web-orri bat Interneten, Euskalnatura.net, eta han saiatzen gara zientzia eta euskara lotzen, ahal den heinean behintzat. Bi urte eta erdi dira forma eman genionetik.

3. saria: Polimeroak, minbiziaren aurkako terapiako Troiako Zaldiak

(Argazkia: I. Ibañez)

Egileak: Leire Perez Alvarez eta Maite Artetxe Pujana

Zuen doktoregaia polimeroak dira. Hortik artikuluaren gaia?

Leire Perez: Hain zuzen ere, polimeroen barruan gure gaia mikrogelak dira, artikuluaren gai bera. Polimeroek medikuntzan duten erabilera bati buruz idatzi dugu.

Etorkizunean dibulgatzen jarraitzeko asmoa duzue?

Maite Artetxe: Bai. Kontua da ikusten duzula gai batzuk interesgarriak direla, eta euskaraz ez dagoela gai horiei buruzko informaziorik. Ez badago informazio hori edo ikusten badugu gauza berriak ekar ditzakegula, badugu asmoa idazten jarraitzeko.

Ezezagunak dira polimeroak?

Leire Perez: Arlo batzuk behintzat bai, ezezagunak dira. Laborategietan egiten ari dena ez da ezagutzen, eta oso polita da.

Gazteenentzako saria: Haptika edo ukimenaren ustiapena

(Argazkia: I. Ibañez)

Egilea: Xabier Zabala Larrañaga

Zer da haptika?

Azkenean, haptikak aztertzen du gizakiaren eta inguruaren arteko elkarrekintza, ukimenaren bidez egiten denean.

Horretan egiten duzu lan?

Ez. Ikasle nintzela, ikerketa-zentro batean aritu nintzen, eta han hasi nintzen sistema hauekin lanean. Ikasketen amaierako proiektua ere gai honi buruzkoa izan zen. Baina horren ondoren ez dut ikerkuntzan jarraitu; industrian aritu naiz lanean.

Jarraituko duzu dibulgazioan?

Egia esan, nik uste dut aukera polita dela. Nire proiektua ez zen hain dibulgatiboa izan; nahiko gauza zehatza zen. Baina iruditu zitzaidan horrelako artikulu bat idazteko dibulgatiboa izan behar zuela, eta aukera polita iruditu zait. Errepikatzeko asmoa dut.

Roa Zubia, Guillermo
3
252
2009
4
037
Sariak; Elhuyarren berriak; Elkarrizketak
Dosierra
04

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia