Iraganaren etorkizunerako gordailua
2016/12/01 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Kanpotik begiratuta edukiontzi erraldoi bat dirudi. Eta itxurak ez du engainatzen. Hirurehun mila piezatik gora gordetzen dituen edukiontzia da Gordailua, Gipuzkoako Ondare Kultural Higigarriaren Zentroa. Irunen, Arretxe gainean, dago eraikina; 9.000 m 2 , hiru solairutan banatuta.
Gordailua Gipuzkoako Foru Aldundiak sortu zuen 2011an, XIX. mendetik biltzen ari zen arte- eta etnografia-piezak kondizio egokietan gordetzeko eta kontserbatzeko. “Aldundiak XIX. mendean bekak ematen zituen ikasleak Madrilera arte ederrak ikastera joateko —azaldu du Antton Arrieta Gordailuko arduradunak—; eta ordain gisa urtero margolan edo eskultura bat egin behar zuten ikasleek. Orduan hasi ziren bilduma egiten”. Elias Salaberria da beka jaso zuenetako bat, eta haren garai hartako margolanak Gordailuan daude. “Gero, XX. mendearen bukaeran etnografia piezak eskuratzen hasi zen Aldundia, txatartegietatik, baserrietatik eta abar. Mendearen bukaerarako 25.000 pieza inguru zituen”, gehitu du Arrietak.
Pieza horiek gorde eta zaintzen dira Gordailuan, baina baita Gipuzkoako beste hainbat erakunderen ondare higigarria ere. Esaterako, San Telmo Museoaren 26.500 pieza, Untzi Museoaren ia 5.000, edo Porcelanas Bidasoak emandako 7.500. Orain, arte eta etnografiako 65.000 pieza inguru dituzte guztira. Horrez gain, Gipuzkoako material arkeologikoaren biltegi ere bada iaztik. “Bizkaian eta Araban museo arkeologikoak dira biltegiak, baina Gipuzkoan ez zegoen halakorik. Eta hemen kondizio egokietan gordetzeko aukera genuenez, hona ekarri genuen bilduta zegoen material arkeologiko guztia”, adierazi du Arrietak. “Uste dugu 300.000 pieza inguru daudela, baina kutxatan dago, eta ez dugu piezaz piezako fitxarik, arte eta etnografiako piezekin bezala”.
Norbanakoen piezentzat ere badu lekua Gordailuak. “Astero sartzen da familiaren batek ematen digun piezaren bat”, dio Arrietak. Orain gutxi esaterako Pasaiako familia batek emandako Aguirre piano bat sartu zen. “Ez genuen ezagutzen halakorik; Ibarran omen zegoen lantegi bat, milaka piano egin zituena. Honek 1.259 fabrikazio-zenbakia du. Eta ez dugu ideiarik zein garaitakoa den. Gai polita da norbaitek ikertzeko”.
Ikerketa eta zabalkundea
Hain zuzen ere, ikerketa oso kontuan hartzen dute Gordailuan. Ikertzaileei eskainitako bi gela daude, lehenengo solairuan. “Gehien arkeologoek erabiltzen dute. Etnografia gutxiago egiten da, ez dago modan. Baina hemen aukera handiak daude etnografa-ikerketak egiteko”.
Bestalde, zabalkundea da Gordailuaren beste zutoin nagusietako bat. “Ez da kontserbatzea bakarrik, baizik eta hedatzea eta ezagutaraztea”, argitu du Arrietak. Egun, inguruko hainbat museo Gordailuko piezekin hornituta daude: Igartubeiti, Zumalakarregi, San Telmo... Eta aldi baterako erakusketak maiz ateratzen dira. Iaz, esaterako, 13 pieza-sorta atera ziren aldi baterako erakusketetarako.
Horrez gain, Gordailuko katalogo guztia interneten jartzeko asmoa dute, argazkiekin eta fitxekin. Eta aukeratutako pieza batzuk 3D inprimagailuekin inprimatzeko aukera ere eskainiko dute. Arrietaren esanean, webguneak bi helburu ditu: “edozein herritarrek jakin ahal izatea zer dagoen hemen, eta ikertzaileek errazago aukeratu ahal izatea aztertu nahi dituzten piezak”. Webgunea laster ateratzea espero dute. “Lan handia da, baina oso pozgarria izango da”.
Bisitak ere inoiz antolatu izan dituzte, baina Arrietak argi utzi duenez “bisitek mugatuak izan behar dute, kontserbazioaren kontra baitoaz”. Eta azken finean, kontserbazioa da lehenengo helburua.
Kontserbazio-teknikak
Piezaren bat edo sortaren bat biltegira iristen den bakoitzean (izan berriak, edo erakusketa batetik bueltan datozenak), materialaren arabera behar duen tratamendua ematen zaie. Organikoa bada (larrua, zura, papera, oihala…), anoxian jartzen da, izan ditzakeen intsektuak eta abar hiltzeko. Horretarako, plastikoz hermetikoki itxi, eta 6-8 egunez pixkanaka nitrogenoa sartu eta oxigenoa kanporatzen da, oxigenorik gabe gelditu arte. Gero, horrela mantentzen da gutxienez 27 egunez, 22-24 ºC-tan (intsektuak aktibo egon daitezen).
Itsasotik datozen piezak, piszina batean sartzen dira, eta “bakailaoari bezala, ura aldatuz, gatza kentzen zaie”, azaldu du Arrietak. Horrela dituzte, esaterako, Getariatik ekarritako hiruzpalau kainoi. “Getarian XVII mendean izandako espainiarren eta frantziarren arteko guda batekoak dira. Flota espainiarra Getaria inguruan ainguratua zegoen, eta gure kostaldean oso gutxitan izaten den ekialdeko haizea lagun, frantsesek erasotu eta ontzi asko suntsitu zituzten”. Gero, halako burdinazko piezei herdoila eta konkrezioak elektrolisi bidez kentzen dizkiete. Horretarako, sare metaliko batean jartzen dituzte piezak, eta muturretan anodo eta katodo bat jarrita, elektrizitatea pasarazten da.
Zurezko piezak ere, bustita edo hezetasun handiarekin iristen diren kasuetan, lurpean edo uretan zeudelako, piszinan sartzen dira. Horrela, dagokien tratamendua egin bitartean azkarregi lehortzea saihesten da. “Oraintxe Arditurriko meategietako eskailera erromatar bat eta lurpean aurkitutako Bergarako tolare bat ditugu, besteak beste. Uretan sartuta ez dira usteltzen, mugarik gabe egon daitezke”, dio Arrietak.
Hala ere, ez dituzte piszinan uzten. Zurezko piezak liofilizatuz eta PEG (polietilenglikol) polimeroarekin tratatuz egonkortzen dituzte. Liofilizatzeko pieza izoztu egiten da, eta gero hutsa egiten duen makina batean, berotu egiten da pixkanaka. Hala, izoztutako ura sublimatu egiten da, alegia, likido-egoeratik gas egoerara pasatzen da zuzenean. Piezaren tamainaren arabera hainbat egun iraun dezake prozesuak, baina horrela pieza eraldatu gabe lehortzea lortzen da.
Beste pieza batzuk, berriz, PEG polimeroarekin tratatzen dituzte. Kasu horretan bainu batean sartzen dituzte, eta tenperaturarekin jokatuz, zurak duen ura polimeroarekin ordezkatzen da. “Pieza handiak hiruzpalau urtez egon daitezke bainu horretan” azaldu du Arrietak.
Tratamendu horiez gain, piezak garbitu egiten dira, hautsa, buztina eta abar kentzen zaie eskuz, baita onddo edo likenak ere, dituzten kasuetan. Kasu batzuetan zaharberritu ere egiten dira, konpondu. Dena den, “ezinezkoa da sartzen diren pieza guztiak zaharberritzea —argitu du Arrietak—; eta gainera askotan mantendu behar dira erabileraren ezaugarriak ere. Adibidez, baserritarrak alanbre bat jarri badio zerbait konpontzeko, hori ere historia da. Askotan txapela kentzeko moduko konponketak dira”.
Kondizio klimatikoak
Azkenik, argazkiak atera, fitxa sortu, etiketatu eta biltegira doaz piezak; materialaren arabera, biltegi batera edo bestera. Zazpi daude guztira. Denetan guztiz kontrolatuta daude kondizio klimatikoak. Hainbat sentsorek etengabe jasotzen dute kondizio horien berri eta, jarritako mugetatik pasatzen badira, alarma pizten dute.
Tenperatura berdin mantentzen dira biltegi guztietan, 19 eta 21 ºC bitartean, negua den edo uda. Energia asko aurrezten delako egiten da, batez ere, negutik udarako tenperatura-aldaketa hori; eta aldaketa oso pixkanaka eta modu konstantean egiten da. “Kondizio klimatikoetan egonkortasuna mantentzea da garrantzitsuena —dio Arrietak—; bat-bateko aldaketak dira kaltegarrienak”.
Biltegitik biltegira aldatzen dena hezetasuna da. Bost biltegitan % 65 ingurukoa da. Hor gordetzen dira, esaterako, zurezko piezak, egurra hezetasun apur batekin hobeto kontserbatzen baita. Beste bi biltegietako batean % 50 inguruan mantentzen da hezetasuna, papera eta oihalak ongi kontserbatu ahal izateko. Eta azkenik, burdina gordetzeko biltegian hezetasuna % 40tik beherakoa da. “Gure zaharberritzaileek 0 hezetasuna nahiko lukete, baina ezinezkoa da” gehitu du Arrietak. “Hezetasuna da gure arerioa. Beste leku batzuetan kutsadura izaten da arerioa; guk, ordea, kutsadurarekin ez dugu arazorik, baina itsasotik gertu egonik, hezetasuna da gure arazoa. Eta horretan xahutzen ditugu sosak”.
Bestalde, biltegiek ez dute leihorik. Horrela, batetik eguzki-argirik ez da sartzen, kaltegarria baita kontserbaziorako, eta bestetik, hautsa eta intsektu eta abarren sarrera ere galarazten dute. “Horrez gain, leihorik gabe inertzia gehiago dute biltegiek, eta errazagoa da kondizio klimatikoak mantentzea, energia gutxiagorekin. Eta energiarik gabe geldituko bagina ere, kondizio horiek gehiago iraungo lukete”.
Neurri horiek guztiak hartuta ere material batzuk besteak baino hobeto kontserbatzen dira. Harria da ondoen kontserbatzen dena. “Hilarriak, ateburuak eta abar pasillora ateratzen hasi gara. Eta pentsatzen ari gara beste nonbaitera eramatea, ez baitute aparteko kondiziorik behar. Nahikoa da euritik eta izotzetik babestea”, dio Arrietak. Beste muturrean burdina dago. “Neketsua da. Hainbeste esfortzu egin zaharberritzeko, eta gero hezetasun apur bat nahikoa da herdoila berriz agertzeko”.
Denboraren aurkako borrokan, ondarea ahalik eta gehien iraunaraztea da Gordailuaren erronka. “Gure artean esaten dugu ea 100 urte barru piezak gaur dauden bezala egotea lortzen dugun. Hori da gure helburua. Badakigu azkenean borroka galduko dugula, denak baitauka bere iraungitze-data. Galtzeko borroka da, baina, agian, 5.000 urte barru galduko dugu”.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia