}

Iraganeko animaliez elikatzen diren belakiak aurkitu dituzte Ozeano Artikoan

2022/02/09 Agirre Ruiz de Arkaute, Aitziber - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

iraganeko-animaliez-elikatzen-diren-belakiak-aurki
Animalia fosilen arrastoez elikatzen dira belakiak, eta, hala, beste organismoak bizitzeko habitat bereziak sortzen dituzte bestela guztiz oligotropikoak diren ozeanoetan. Arg. Alfred-Wegener-Institut / PS101 AWI OFOS system/ Antje Boetius

Urte osoan izotzez estalitako ura izanik, elikagaietan urria da Ozeano Artiko Zentrala. Zehazki, Lurreko ozeanorik oligotrofikoena. Baina belaki-populazio handiak hazten dira han, baita 24 kg eta 1 m-ko belakiak dituztenak. Max Planck Institutuko ikertzaileek haien elikagai-iturriak aztertu dituzte, eta ikusi dute jada desagertuta dagoen animalia-komunitate baten arrastoez elikatuz bizi direla. Alegia, fosilez.

Bakterio batzuen laguntzaz digeritzen dituzte arrasto fosilak, haien entzimak gai baitira arrasto horiek digeritzeko. Bakterioek digeritu eta uretan disolbatutako arrasto fosilak xurgatzen dituzte belaki erraldoiek, eta estrategia horren bidez, bataz beste 300 urte bizi direla ikusi dute.

Jatorri bolkanikoa duten Langseth Ridgeurpeko mendiak estaltzen dituzte orain belakiek; hain zuzen, duela milaka urte hango jarduera bolkanikoan oinarritutako animalia-komunitateak zeuden eremu berak. Eta koral-arrezifeen modura, ekosistemaren ingeniari modura jokatzen dute belakiek: bertako organismoentzat substratu gisa jokatu, eta habitat bereziak sortzen dituzte organismoak finkatzeko eta ezkutatzeko. Ondorioz, Artikoko biodibertsitatearen zaintzaile dira.

Bakterioekin duten sinbiosiari esker bizi dira belakiak 300 urtetik gora. Arg. Alfred-Wegener-Institut / PS101 AWI OFOS system/ Antje Boetius

Aurkikuntza berriak Artikoan bakarrak diren bizi-estrategia eta ekosistemak azaleratu dituela adierazi dute Max Planck Institutuko ikertzaileek, beraz, eta horiek babestearen garrantzia azpimarratu dute Nature Communications aldizkarian.

 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia