}

Iraganeko bizidunak, bizirik Andeetan

2009/10/03 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Duela 3.500 milioi urte, Lurra gaztea zenean, ez zen oso planeta atsegina gaur egungo bizidunentzat. Ozono-geruzarik ez zuen, eta, beraz, eguzki-erradiazioa oztoporik gabe iristen zen lurrazalera; atmosferak ez zuen oxigenorik... Gaur egungo espezie gehienek ez lukete luze iraungo. Bada, kondizio gogor haietan sortu ziren estromatolitoak.

Estromatolitoak mikroorganismo fotosintetikoak ziren; sakonera txikiko itsasoetan agertu ziren, eta, karekizko konkrezioei elkartuta, arroka organikoak eratu zituzten. Milioika urtean, nagusi izan ziren planeta osoan.

Orain, ikertzaile batzuek estromatolito biziak topatu dituzte Andeetako laku gazi batzuetan, 4.000 metrotik gorako garaieran. Estromatolito fosilak munduko hainbat lekutan dauden arren, oso zaila da estromatolito biziak aurkitzea. Badira batzuk itsasoan, adibidez Australiako Marrazo Badian, eta baita laku gazietan ere, Yellowstonen esaterako; baina garaiera hain handian topatzen dituzten lehen aldia da.

Argentinako ikertzaileek estromatolito biziak aurkitu dituzte Andeetako laku gazi batzuetan.
(Argazkia: María Eugenia Farías)

Aurkikuntza LIMLA Andeetako Lakuen Ikerketa Mikrobiologikoen Laborategiko ikertzaileek egin dute, María Eugenia Farías mikrobiologoak gidatuta. Lakuak Argentinako Salta probintzian daude, Punako goi-lautadan, eta ur oso gazia dute. Faríasek azaldu duenez, garaiera horretan, erradiazio ultramorea oso handia da, eta oxigeno-tentsioa, txikia. Haren hitzetan, "nolabait, Lurra gaztea zen garaiaren antzeko kondizioak daude".

Estromatolito horiek aztertuta, Lurraren bilakaera hobeto ezagutzeko datuak jasotzea espero dute ikertzaileek. Izan ere, zientzialariek uste dute estromatolitoei esker aldatu zela atmosferaren konposizioa. Fotosintesia egitean, organismo fotosintetikoek karbono dioxidoa hartzen dute, eta oxigenoa askatu. Horixe egiten zuten estromatolitoek ere, eta, horren ondorioz, atmosferan oxigeno-kontzentrazioa handitzen joan zen pixkanaka. Horrek oxigenoa arnasten duten organismoak sortzeko aukera eman zuen. Beraz, estromatolitoek garrantzi handia izan zuten Lurraren historian .

Etorkizunekoa eta urrutikoa

Iragana ezagutzeko ez ezik, etorkizuneko ikerketarako baliotsuak dira Punako lakuetako estromatolitoak. Faríasen esanean, ezaugarri oso bereziak dituzte, eta, horietan oinarrituta, aplikazio bioteknologiko interesgarriak gara daitezke. Adibidez, muturreko kondizioetan karbono dioxidoa finkatzeko duten gaitasuna baliagarria izan daiteke klima-aldaketari aurre egiteko aplikazioren bat sortzeko. Beste aplikazio batzuk izan daitezke erradiazio ultramorearen iragazkiak, substantzia antioxidatzaileak, lurzoruan nitrogenoa finkatzeko sistemak, bioerremediazioa...

Horrez gain, beste planeta batzuetan nolako bizidunak egon diren edo egon daitezkeen ikertzeko ere balio dute. Zientziaren alor horri astrobiologia deitzen zaio; hain juxtu, NASAren Astrobiologia Sailak elkarlanean aritzeko gonbidatu du LIMLA.

Alabaina, ikerketa horiek denak ezingo dira aurrera eraman estromatolitoak desagertzen badira. Eta horren arriskua badago: Tolar Grande herritik gertu dagoen putzu bat dagoeneko kutsatuta dago, seguru asko herritik iristen diren ur beltzekin, eta hango estromatolitoak hilda daude. Socompa lakuko ura, berriz, Txilera bideratzen da, meatzaritzarako.

"Badaude legeak flora, fauna eta ondare arkeologikoa babesteko, baina norbaitek estromatolito-zati bat hartzen badu hemen, edo izotz-puska bat Perito Morenon, edo jalkinak Beagleko kanaletik, jakin beharko luke landareak eta animaliak bezainbesteko garrantzia duen material genetiko bat hartzen ari dela", ohartarazi du Faríasek.

Horrenbestez, lakuak babesteko legeak ezartzeko eta behar diren azpiegiturak egiteko eskatu diete ikertzaileek agintariei. Azken finean, han egindako inbertsioak inguruko ekonomia suspertzeko onuragarriak izango direlako uste osoa dute ikertzaileek. Guk, hemendik, adi jarraituko diegu han egiten diren ikerketei, ea erantzuna ematen dioten iraganari, etorkizunari edo estralurtarrei buruzko galderaren bati.

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia