}

Iragarri El Niño bi urte lehenago!

2004/05/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Bi urteko aurrerapena oso aurrerapen handia da meteorologiako iragarpenak egiteko. Hala ere, NOAA agentzia estatubatuarreko zientzialari batzuek helburu hori dute El Niño efektua iragartzeko garatu duten eredu teorikoarekin.

El Niño ospetsua Pazifikoaren ur-azala azkar berotzearen ondorioa da, eta ziklikoki gertatzen da. Dena dela, ziklo hori ez da erregularra; litekeena da hiru urtez behin gertatzea edo zazpi urte itxaron behar izatea berriz azaltzeko. Ez dago esaterik noiz gertatuko den.

Baina oso garrantzitsua da iragarpen-sistema bat garatzea, El Niñok ondorio larriak ekartzen baitu, batez ere Hego Amerikako mendebaldeko kostaldean: lehorteak, uholdeak, beroaldi bortitzak eta abar. Orain arteko sistema onenak gehienez gertatu baino bederatzi hilabete lehenago iragar zezakeen El Niño.

Orain, NOAAko ikertzaileek eredu teoriko berria osatu dute azken 150 urteetako datuekin. Tarte horretan neurtutako itsasoaren azaleko tenperaturak sartu dituzte ereduan, eta El Niño bortitzenak noiz izan ziren asmatzea lortu dute. Ereduak iragarritakoaren arabera, hurrengo bi urteetan behintzat ez da El Niñorik gertatuko. Ea orain, iragana alde batera utzita, etorkizunekoak iragartzerik duten tresna horren bitartez.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia