}

Irakurlearen txokoa

1989/06/01 Errekondo Salsamendi, Jakoba Iturria: Elhuyar aldizkaria

GALDERA

Oso ezagunak dira fruitarboletan txertaketak; guztiz arruntak bait dira gure baserrietan. Txertaketa horiek orokorrean espezie bereko (nahiz eta mota desberdinetakoak izan, denok ikusi ditugu noizbait mota desberdinetako aleak ematen dituzten arbolak) landareen artean egiten dira.

Nere galderak ondokoak dira:

  • Zertan datza elorriaren ezaugarri hori?
  • Elorriak ez du normalean bere enborrean lodiera handirik lortzen eta ezta altuera handirik ere. Txertoa izan duten zenbait ezagutzen ditut, zeintzuetan lodiera eta altuera zehazki zuhaitz-ereduari dagozkion. Zergatik hori?
  • Elorria ongi hazten da lur ez-jori zein malda handikoetan. Beraz ez ahal litzateke egokia mendi-sail eta txarak uztiatzeko?

Enrike E. Gisasola

ERANTZUNA

Fruitarbolen mentaketa edo txertaketa ELORRI ZURIA mentu-oin bezala Mentaketa, zergatik?

Mentaketa, bi landare desberdinen zatiak elkartu eta bizitzeko gai den beste landare bat lortzea da. Mentaketaren ondorioz bi ama edo bi jatorri desberdin dituzten zatiez osaturiko landarea dugu. Mentu-oina, mentaketa-puntuaz azpitik gelditzen dena da eta landare berrian sustrai-sistema bilakatu da. Mentua, aldiz, mentaketa puntuaz gainetik geldituko dena da eta honek hostoak, loreak, fruitu eta haziak ekoiztuko ditu.

Mentuz lortutako fruitarbola.

Zein dira mentaketaren arrazoiak? Garrantzitsuenak honako hauek:

  • Fruitu-barietate bat lur batera egokitu ezin denean (pH-a, hezetasuna, lur lehorra, Ca gehiegi, gazia, etab). Barietate hori ekoiztu nahi bada, lur horretan bizitzera egokituriko beste barietate batean mentatzea nahikoa izango da.
  • Mentu-oina eta mentua elkartzean bien ehunek orbain bat sortzen dute. Orbain hau izerdiaren zirkulaziorako beti oztopo izango da. Mentu-oina eta menturaren kidetasunaren arabera (familia, jeneroa, fisiologia, ...) orbainaren oztopoa handiagoa ala txikiagoa izango da. Oztopo hau areagotu ahala, mentutik bilakatuko den landarea ahulago eta txikiagoa izanen da, baina berak ekoiztuko dituen fruituak ugariagoak, handiagoak eta kalitatez hobeak izango dira. Frutagintzan ezaguna dugu "berdea" edo estruktura (adarrak, hostoak...) bilakatzen galtzen den indarra lore eta frutietan irabazten dela.
  • Uniformetasuna lortzea. Jatorria hazia duten landareak eta ugalketa sexuala direnez, heterogenotasuna handia da (barietateak hortik datozkigu), baina mentu-oin barietate bati arbola baten mentuak mentatuz gero, landare uniformeak, fruitu uniformeak, garai berean, etab. lortzen dira.

Beraz MENTAKETA erabiltzearen abantailak handiak dira.

Elorria mentu-oin gisa

  • Elorri beltza (Prunus spinosa), Prunus jeneroko fruitarbolak txertatzeko erabiltzen da: aranondoak, abrikotondoak, etab.
  • Elorri zuriak, crataegus jenerokoak dira, eta aurrekoak bezala errosazeoen familiakoak. Euskadin elorri-zuriari sagarrondoa (Malus sp.) ia ez zaio mentatzen. Askotan ordea madariondoa (Pyrus sp.) eta mizpirondo arrunta (Mespilus germanica). Ikusten dugunez, denak arrosazeoen familiakoak dira, baina jenero ezberdinak eta lehen argitu dugun legez afinitatea izango da mentuan (baina handiegia ez) fruitu-ekoizpen dexentea lortuz.

Mentaturiko elorrien altuerari buruz, normalean, mentua aurrera ateratzen den kasuetan (eta fruituak lortu nahi ditugunez) zuhaitz edo arbola hori zaindu egingo dugu: lur onera eraman, inausi, ongarritu, gaitz eta izurriteei aurre egiteko tratamenduak burutu etab. Baldintza hauetan hazten den arbola sendoagoa, altuera handiagokoa etab. izango da. Txara sastrakatsuetan edo basa ertzean hazitako elorriak aldiz ez ditu laguntza hauek izango eta bere bilakaera, normalean, txikiagoa izango da.

Hala ere bada salbuespenik, eta Gipuzkoan Errezilgo Erdoizta auzoan barruti bilakaturiko urkidi-kaxko batean bada 175 zentimetroko perimetroa duen elorri bat. Lasai hazten utzi (itzalik gabe eta barrutian ondo simaurturik) eta urte asko eta askoren poderioz ederki asko hazia da; zuk aipatzen duzun eran, zuhaitzen ereduen barne kontutan hartzeko moduan.

Mendisail eta txaren ustiapenari buruz, elorri bezala mentatu gabe ez litzateke ekoizpen egokirik lortuko, bere aleak konfitero bereziren bati saltzen ez baldin badizkiozu. Mentatuta egungo fruitagintzan horrelako toki aldapatsuak ez dira egokitzat jotzen; etekin egokiak lortzeko beharrezko diren tratamenduak, bilketak egiteko makineria etab. erabiltzea ezinezkoa gertatzen bait da. Malda handiko sailak basogintzarako egokiagoak iruditzen zaizkit.

Jakoba Errekondo

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia