Iraultza masa-espektrometrian
2005/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Orain arte, masa-espektrometroak laborategi barneko tresnak ziren. Aurrerantzean, aldiz, aparatu horiek laborategietatik kanpora atera ahal izango dira. Izan ere, garatu berri duten metodo bati esker, posible izango da masa-espektrometria edozein lekutan erabiltzea. Laster, masa-espektrometriaz baliatu ahal izango dira aireportuetako ekipajeetan lehergaien eta drogen arrastoak detektatzeko edo medikamentuen metabolismoaren gaineko ikerketak egiteko.
Masa-espektrometria substantzia baten konposizioa aztertzeko erabiltzen den teknika da. Horretarako, molekulak identifikatzen dira duten pisua kontuan hartuz. Hala ere, teknika honek baditu zenbait eragozpen: analisia huts-ganbera barruan egin behar dela eta laginak analizatzeko denbora asko behar dela.
Hori gainditzeko, desortzio bidezko elektrospray-ionizazio deritzon metodoa garatu dute. Masa-espektrometria arruntarekin alderatuz, teknika berriak zenbait abantaila dauzka: analisia huts-ganberatik kanpo eta giro-tenperaturan egin daitekeela eta ez dagoela lagina aurrez prestatu beharrik, besteak beste. Hortaz, teknika horrek edozein gainazal lekuan bertan analizatzeko aukera ematen du. Aurki posible izango da larruazal, arropa, maleta eta abarretan dauden substantziak masa-espektrometriaren bidez zuzenean aztertzea.
Desortzio bidezko elektrospray-ionizazioa garatu duten zientzialariek dagoeneko zenbait konposatu kimiko detektatu dituzte hainbat gainazaletan. Esaterako, RDX lehergaia larru-puska batean, DMMP arma kimikoa gomazko eskularru batean eta konposatu organikoak hazietan. Gainera, metodo hori erabilita, antihistaminak larruazalean detektatzea lortu dute. Beraz, teknika berriari esker, masa-espektrometriak orain arte ez zituen beste erabilera batzuk izan ditzake etorkizunean.