“Iraultza txikien lekukoak”. Atal berri bat urtarriletik aurrera
2014/01/09 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Urte berriarekin bat, atal berri bati hasiera eman dio Elhuyar aldizkariak. “Iraultza txikien lekukoak” du izena, eta, gertuko zein urruneko zientzialariak izango dira atalaren protagonistak. Zehazki, zientzialari horien ustekabekoak eta itxaropenak. Hain zuzen ere, lekukotza emateko eskatuko zaie, eta kontatzeko lanean hasi zirenetik zerk txunditu dituen gehien, eta baita ere zer aurkikuntzaren lekuko izan nahiko luketen lan egiteari utzi aurretik.
Elkarrizketa formatua izango du atalak, eta, galderak bi eta berak izango dira guztientzat: 1. Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?; eta, 2. Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke, zure ibilbidean zehar? Aldizkariko erredaktore Ana Galarraga Aiestaran zientzia-komunikatzaileak hartuko du atalaren ardura.
Lehen lekukoa etxean bertan bilatu du Elhuyar aldizkariak: Txema Pitarke fisikaria, CIC nanoGUNE ikerketa-zentroko zuzendaria eta Elhuyarreko lehendakaria. Urtarrileko zenbakian jaso du Pitarkeren lekukotza, eta haren atzetik etorriko dira beste asko.
Proposatu lekukoak
Aldizkariaren erredakzio-taldeak proposatu ditu lehen lekukoak, baina, irakurleak ere gonbidatu nahi zaituztegu jakin-mina pizten dizueten zientzialarien izenak proposatzera. Posta elektroniko bidez egin ditzakezue proposamenak aldizkaria@elhuyar.com helbide elektronikora mezua bidaliz, edo sare sozialak erabiliaz: @elhuyaraldizk twiter-kontuaren bidez, edo Elhuyar aldizkariak Facebook-en duen orrialdean.Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia