}

Irrati-uhinak belauna sendatzeko

2005/05/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Behin eta berriz entzuten ditugu honelakoak irratian: “Igandeko partidan hautsi zuen belauneko aurreko lotailu gurutzatua jokalariak, eta, beraz, denboraldiari agur esan behar izan dio”. Hain larria da lesio hori? Beharbada haustura bai, baina ez, ordea, lotailuaren bihurdura. Nola senda daiteke hori?

Belauneko lotailu gurutzatuko lesioetan bi polotako irrati-maiztasuna eta beroa erabiltzea eraginkorra da kasuen % 90ean, eta, gainera, gaixoa azkarrago leheneratzen da. Teknika hori Nafarroako Unibertsitateko Unibertsitate Klinikako Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologia Saileko espezialistek aplikatu dute, eta lan horrengatik Oviedoko Unibertsitateak antolatzen duen Kirol-medikuntzako Ikerketa Sari Nazionala eskuratu dute.

Nihat Errealeko jokalariak orain hilabete batzuk hautsi zuen belauneko aurreko lotailu gurutzatua.

Ikerketa horrek proposatzen duenarena arabera, bi polotako irrati-maiztasuna eta tratamenduak berak sortzen duen beroa erabili behar dira lotailua tenkatzeko, betiere hautsita ez badago. Hasteko, irrati-maiztasun jakin batean beroa aplikatzen zaio 'emanda' dagoen lotailuari. Ondoren, teknologiaren aurrerakuntzez baliatuta, lotailua uzkurtu eta, azkenik, luzatu edo behintzat hasierako egoerara itzultzen da. Hori da, nolabait esateko, lesionatutako lotailuak egiten duen ‘bidea’. Lehenengo urratsa, lotailua uzkurtzea, hain zuzen ere, oso erraz azal daiteke adibide garbi batekin. Zer gertatzen da xerra bat berotutako zartagin batera botatzean? Ur eta zuntz asko duenez uzkurtu egiten da. Lotailuek ere ur eta kolagenozko zuntz asko dute, eta horiek uzkurtu eta luzatu egiten dira emanda dagoen lotailuari irrati-maiztasun jakin batean beroa aplikatuta.

Teknika hori, gainera, artroskopia erabilita aplikatzen da, eta, beraz, ebakuntza txikia da. Tratamendu horrekin leheneratzea askoz azkarragoa da, eta aukera asko daude emaitza ona izateko; noski, tratamendua behar bezala aplikatzen bada. Lotailuaren lesio partziala duten edo lotailua 'emanda' duten pertsonentzat da egokia tratamendua, lotailua berriz tenkatzen baitu eta hiru hilabeteren buruan kirola egiteko modua ematen baitu.

Lotailua hautsita badago ez

Ikerketa-lana Nafarroako Unibertsitate Klinikan tratamenduan zeuden hogeita hamar kirolarirekin jarri zen praktikan. Kirurgia Ortopedikoa eta Traumatologia Sailak Erradiologia Sailarekin elkarlanean egin du lana; izan ere, ebakuntza egin ondoren erresonantzia magnetikoaren bidez jarraipena egin zitzaien gaixoei gutxienez urtebetez. Horietatik % 90ek emaitza onak lortu zituzten; gainerakoak ohiko teknikak erabilita leheneratu ziren, baina denbora gehiago behar izan zuten. Badirudi, gainera, kirola aisialdian maiz egiten duten pertsonentzat edo pertsona helduentzat egokiagoa dela tratamendua, baita belaunak kaltetuta dituzten kirolari beteranoentzat ere.

Prozesuaren jarraipena erradiografien bidez ere egiten dute.

Baina ez dezagun ahaztu tratamenduak ez duela balio lotailu gurutzatua hautsita dagoen kasuetarako. Hurrengo urratsak horri aurre egitea izan beharko du, inork ez baitu zalantzan jartzen aurreko lotailu gurutzatuaren haustura lesio larria eta ohikoa dela. Futbolari eta eskiatzaileek pairatzen dute gehien, baina belaunak tortsio, biraketa eta kontaktu bortitzak jasan behar dituen beste hainbat kiroletan ere ohikoa da.

Lotailua puskatzeak kirolariarentzat sei-zortzi hilabeteko etena eragin dezake; gainera, lotailua guztiz puskatzen bada, kirurgia aplikatu beharra dago, eta beste lotailu edo tendoi batetik zati bat jarrita osatu behar da puskatutakoa. Ondoren, hainbat hilabetez gogortu eta aurreko lotailu gurutzatu berri bat osatzen da.

Emakumeek lesio gehiago. Zergatik?

Egia da belauneko lotailua gehiago apurtzen dutela kirolari emakumezkoek kirolari gizonezkoek baino, eta zientzialariek aurkitu dute horren arrazoia. Emakumezkoen zangoak zuzenagoak dira, eta hori izan daiteke, hain zuzen ere, lesio gehiago izatearen errudun.

Zenbait saiakuntza eginda, ikertzaileak ohartu dira emakumeek salto egiten dutenean haien belaunak zuzenago eta elkartuago egoten direla. Proba gisa, hainbat modutan lasterka egiteko eta plataforma bat zeharkatzeko eskatu zieten eta hainbat norabidetan egiten zuten indarra neurtu zuten. Orduan konturatu ziren emakumeek bihurdura-indar handiagoa egiten dutela belaunekin.

Belauna bat-batean okertzeak edota presio gehiegi egiteak aurreko lotailu gurutzatua apur dezake. Halako lesioak ia zortzi aldiz arruntagoak dira emakumezkoen kasuan gizonezkoenean baino, saskibaloian, futbolean eta boleibolean, esaterako.

Dena den, hipotesi ugari daude gai horren inguruan. Izan ere, menstruazio-zikloa ere erabili izan da emakumezkoen mota horretako lesioen maiztasun handiagoa azaltzeko. Menstruazio-zikloan, hormonak asaldatuta egoteaz gain, lotailuak ere lasaituago egoten dira oro har. Horrek, besteak beste, lesionatzeko arriskua areagotzen du, batez ere, obulazioaren inguruko egunetan.