}

Irudi-analisi automatikoa

1987/08/01 Pardo Olea, Eugenio Iturria: Elhuyar aldizkaria

Ikusmena giza zentzurik konplexuena da; garunarekin erlaziorik zuzenena duena, eta beraz, eritzien ez-adostasunekin lotuena dagoena. Honen ondorioz, azken urteotan begi elektroniko baten garapenaren posibilitatea planteiatu da.
Donostiako etxe baten gainean dagoen pantaila honen funtzionamendua irudi-analisi automatikoan oinarritzen da.

Eta Jaungoikoak zera esan zuen: Egin bedi argia!. Eta Jaungoikoak argia ona zela ikusi zuen. Hauxe izan daiteke munduaren sorreraren lehen eguna Genesi liburuaren arabera. Nolanahi ere, naturarekin erlazionatzeko gizakiak dauzkan bost zentzuetan ikusmena izango da informazio zabalena eskaintzen duena, eta beraz, ilunpeko munduaz pentsatzea oso zail gertatzen da.

Izan ere, ikusmena giza zentzurik konplexuena da; garunarekin erlaziorik zuzenena duena, eta beraz, bi pertsona desberdinek irudi batez eman dezaketen eritzien ez-adostasunekin lotuena dagoena. Horregatik behaketa inpartzialak behar diren zientzi lanetan, ikusmena ez da aski. Honen ondorioz, azken urteotan begi elektroniko baten garapenaren posibilitatea planteiatu da.

Gainera, ikusmen artifiziala behar duten industri makinen eta automaten agertzeak, gauzak ziren bezala ikustera behartu zuten begi hori. Horri esker irudien analizatzaile automatikoak sortu ziren.

Sistema hauek osatzeko, begiaren fisika aztertu zen, eta begiaren antzik handiena zuen tresna telebista-kamera zela ikusi zen. Biek berdin lan egiten dute, hau da, sistema optiko batek, (begian kristalino izenekoak eta telebista-kameran objetiboak) irudi bati dagozkion argi-izpiak argiarekiko sentikor den eremu laun batera (begiko erretinara edo TB-kameraren fotodetektorera) eramaten ditu. Argi-seinale hau pultsu elektriko bihurtzen da eta pultsu hauek nerbio optikoa edota kamerako zirkuituak korritzen dituzte. Beraz, eta giza begiak egiten duenaren antzera, irudien analizatzaileak inguruan duenaren informazioa hartzen du.

Gizakian informazio elektrikoa garunera joaten da. Bertan, jatorrizko irudia berregiten da oso ondo ezagutzen ez diren sistemen bidez.

Askotan, garunak memorian edo subkontzientean dauzkan irudiez baliatzen da.

Irudien analizatzailean, ondoko hau gertatzen da: telebista-kameran dagoen kuartzozko gailu batek, pixel izeneko koadrikula txiki edo puntutan banatzen du irudia. Kameraren fotodetektorean pixel horien argitasuna pultsu elektriko bihurtzen da. Detekzioa zuri-beltzean egiten da. Hala ere, irudi bat analizatu ahal izateko gizakiaren kasuan garunera garraiatu behar bada, gure kasuan ordenadore batera eraman beharko da. Horretarako pultsu elektrikoak ordenadoreak ulertzen den zenbaki bilakatu behar dira.

INASMETeko tresneriaz baliatzen irudi-analisi automatikorako.

Eragiketa hau bihurgailu analogiko digitalari dagokio eta bertan puntu bakoitzari 0-255 bitarteko balio bat eransten zaio bere argitasunaren arabera (Adibidez: puntu beltz bati 0 balioa dagokio; puntu zuri bati 255 balioa eta puntu gris bati bitarteko balio bat). Hau egin eta gero, ordenadoreak irudi numeriko hori memorizatu egiten du eta aurreko prozesuaren antzeko bidea (baina aurkako norantzan) eginez, posible izango da jatorrizko irudia telebista-pantaila batean ikustea. Prozesu korapilotsu honen abantaila nagusiak bi dira:

    Irudia objetiboki ezagutu daiteke
  • Irudia nahi den bezala maneia daiteke, hau da, handiagotu txikiagotu, biratu, koloreztatu, beste irudi batzuekin konparatu, etab.

Guzti honegatik irudien analisi automatikoa kartografian, metereologian, biologian, metalurgian eta beste zenbait arlotan ezinbesteko bihurtu da.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia