}

Isileko krisia

1997/10/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Isilean zabaltzen delako eta epe motzean herrialde osoko oreka ekologikoa hankaz gora jar dezakeelako dio TERI izeneko ikerketa-zentroak lurzoruaren degradazioa dela India mehatxupean duen isileko krisia. Higadura eta mantenugaien murrizketa dira Indiako lurzoruaren emankortasuna arriskuan jarri duten faktoreak; ez da ahaztu behar, bestalde, lurzoruaren gaitasunean oinarritzen dela herritarren iraupena bera ere.

Indiako lurzoruaren degradazioak arazo larriak sortu ditu jadanik lurralde honetan. Nekazaritza-eredu okerrek eta baso-soiltzeak eragin omen dute gaur egungo egoera. Konponbidea ez da zaila, baina berandu baino lehen heldu behar zaio zezenari.

Indiak duela 50 urte eskuratu zuen independentzia. Hori dela eta, TERI izeneko erakundeak Indiako ingurugiro-arazoei buruzko txostena eman du argitara. TERIko teknikariek diotenez, gaur egungo arazorik garrantzitsuena lurzoruaren degradazioa da. Batere neurririk gabe nagusitu den nekazaritza intentsiboa, nekazaritza-teknikak batere berritu ez izanak edota industri eremu berriak sortzeko eta populazioaren hazkundeari irtenbidea emateko bultzatu den baso-soiltzea dira, beste batzuen artean, TERIren txostenean aipatzen diren arrazoiak.

Arazoa, alabaina, ez da oraindik atzeraezinezko puntura iritsi; teknikariek diotenez, lurzoruaren degradazioa zerk sortzen duen jakina da eta, beraz, arazo horiei konponbidea jartzea besterik ez da falta. Egitekotan, ordea, oraintxe egin beharko dela ohartu dute: milioika biztanleren etorkizuna jokoan dago eta.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia