Isolamendu hobeak
2005/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Energiaren kontsumoa gutxituta, garapen jasangarria lortzeko bidea erraztuko da. Horregatik, eraikinetako isolamendu termikoak, produktuak hotzean garraiatzeko erabiltzen direnak eta hozkailu nahiz hozteko ganberetakoak hobetu nahi ditu Europako Batasunak.
“Development of Super Vacuum Insulating Panels and Product Integration Services” (Vip Product & Service) proiektua 2001ean hasi zen, eta oraintxe bukatu da. Proiektu horretan, isolamendu termikoko panelak egokitu eta bilgarri baten barruan jarri dituzte. Bilgarri horrek plastikozko hainbat geruza eta hutseko zigilatzea ditu.
Bilgarri hori erabilita, 5-7 aldiz isolamendu handiagoa lortzen da. Gainera, ez da beharrezkoa, ohiko metodoan bezala, isolamendua hobetzeko isolatzaile-geruzaren lodiera handitzea, ezta garraiatu edo biltegiratu behar den elementuaren bolumena txikitzea ere.
Hain zuzen ere, VIP isolamendu berriak nola birziklatu behar diren ikertzen duen partzuergoan hartu du parte GAIKERek. Alde batetik, isolamenduak egiteko erabiltzen diren materialen soberakinak nahiz akasdun produktuak birziklatzeko pausoak finkatu dituzte, eta, bestetik, isolamendu horiek erabili eta bizitza baliagarriaren amaierara iritsi diren produktuak nola birziklatu behar diren ikertu dute.