}

Isotopoak eta esmeraldak, antzinako merkataritza bideen lekuko

2000/02/01 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia

Aspaldiko aztarnen adina jakiteko zientzialariek atomoen isotopoen analisia erabiltzen dute. Ospetsuena karbono-14 isotopoa da. Orain, oxigenoaren isotopoen bidez, harribitxien adina eta jatorria aztertu da. Emaitzak harrigarriak dira.

Antzinako egiptoarren garaitik aurrera esmeraldak oso garrantzi handiko harribitxiak izan dira. Hilezkortasunaren eta boterearen sinbolo bihurtu ziren. Beriloen taldekoa den harribitxi berdea da. K. a. 1.500. urtearen inguruan Kleopatraren mehategietan morroiak lan egitera behartuak izaten ziren esmeralden bila. Egiptoko faraoiak esmeralden merkatua zabaltzen hasi ziren orduan. Erromatarrek, Mediterraneo Itsasoaren merkatalgintza menperatu zutenean, bitxigintzarekin esmeraldak lotu zituzten. XVI. mendean konkistatzaileek Hegoamerikako mehategiak ustiatzen hasi ziren.

Non jaso ziren ez dakigu

Hala ere, mendeetan zehar ospetsuak izan diren harribitxi horien arteko gehienen jatorriak ez dira gaur egun ere ezagutzen. Baina Frantziako ikerlari talde batekoek, esmeralden jatorriaren misterioa argitu nahian, oxigeno-18 isotopoaren neurketak aplikatzea erabaki zuten. Esperimentuak erromatarren garaietatik XVIII. mendera arteko epean jasotako bederatzi esmeraldarekin egin dituzte eta emaitzak Science aldizkari espezializatuaren azken alean argitaratu dira.

Oxigeno-18 eta oxigeno-16 isotopoak egonkorrak dira eta beren arteko proportzioa jakina da jatorri bakoitzeko esmeraldetan. Beraz, edozein laginek duen proportzioa neurtuta jakin daiteke nongoa den, hau da, «etxeko seinalea» dute bere egituran grabatuta. Nancy-ko ikerlari batzuk, Gaston Giuliani-k zuzenduta, seinale horietako asko ezagutzen dituzte eta, beraz, esmeralda batzuen jatorria argitzea erabaki dute. Emaitza aipagarria baino gehiago, harrigarria da.

Aztertu den esmeraldarik zaharrena Miribel-en aurkitutako belarritako galiar-erromatar batena da. Orain arte genekienaren arabera, esmeraldak Egiptoko eta Austriako mehategietatik ateratzen ziren garai hartan. Azken horiek herri zeltek aurkitu zituzten baina erromatarrek ustiatzen zituzten. Oxigenoen isotopoen proportzioa bi aldiz neurtu ondoren, zientzialariek ikusi zuten lortutako balioa bakarrik Pakistango Swat-Mingora barrutian aurkitutako esmeraldek dutela. Beraz, esmeralda hori Swat eta Peshawar bailaratan jaso zen. Emaitza koherentea da, garai haietan distantzia handiko merkatari bideak zabaltzen ari zirelako. Izan ere, Zetaren Bidea bailara horietatik Afganistan aldera zihoan, Pakistandik etorrita pasagune naturala baita. Harrigarriena da mehategi horiek ofizialki XX. mendean aurkitu zirela.

Ameriketatik ekarrita

Aztertu den beste esmeralda interesgarri bat Nuestra Señora de Atotxa galeoian aurkitutakoa da. Ontzia Floridako kostaldean hondoratu zen. Ontziak garraiatzen zuenaren inbentarioan ez zen esmeraldarik zehaztu. Hala ere, oxigenoaren isotopoek garbi adierazten zuten harribitxiaren jatorria. Kolonbiako Muzo aldean jaso zen, zehazki Tequendama mehategitik. Gainera, harri horren morfologia eta mehategian aurkitutako beste batzuena berdinak dira.

Ikerketaren emaitzek beste datu harrigarri bat iradokitzen dute. Kolonbian jasotako harribitxiak Europan ez ezik, Ekialde Hurbilean eta Indian ere saltzen eta erosten ziren XVII. eta XVIII. mendeetan. Bestalde, deskribapen ofiziala gure mende honetan izan arren, Pakistango eta Afganistango zenbait mehategi ezagutzen ziren garai haietan. Harriek, beraz, badute zer kontatu eta irakatsi beren baitan historiari buruz. Kontua da irakurtzeko modua asmatu beharrean gaudela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia