Istripuetako biktimak larrialdietan immobilizatzeko material bat sortu du Tecnaliak
2013/03/07 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Tecnaliak Varstiff materiala sortu du; hainbat forma har ditzakeen material bigun bat, hutsean zurrun bihurtzen dena, ohiko plastiko baten gogortasuna hartu arte. Materiala egoera malgura itzultzen da, hutsa kentzen zaionean. Varstiff materiala erabiliko den lehen produktua istripuetako biktimak larrialdietan immobilizatzeko tresna bat izango da.
Material berriari esker, istripuren bat gertatzen denean, iristeko zailak diren tokietan gorputz-atalak —hala nola lepoa, bizkarra eta toraxa— berehala immobiliza daitezke, gorputza mugitu gabe. Materiala edozein gorputz-ataletara eta edozein egoeratara egokitzen da. Bigun eta malgu dagoela jartzen da, eta, ondoren, hutsa egitean, igeltsua bezain zurrun bihurtzen da.
Material horrek beste osasun-arlo batzuetan ere izan ditzake aplikazioak, esaterako, ortopedian. Eta baita automobilgintzan, aisialdian eta kirolean ere, erabiltzaileen segurtasuna eta erosotasuna bermatzeko.
Merkaturatzen laguntzeko, oinarri teknologikoko enpresa berri bat sortuko da. Hasieran, osasun-sektorean jardungo du enpresa horrek, baina aurreikuspena da jarduera beste sektore batzuetara hedatzea, hala nola automobilgintzara edo aisialdira. Aurreikuspenen arabera, enpresa berria 2013ko bukaeran egongo da martxan, eta 2014aren hasieran merkaturatuko du lehen produktua.Iturria: Basque Research
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia