}

Italian, arratoien kontrako pozoia aurkitu dute otsoen gorpuetan

2024/02/13 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

italian-arratoien-kontrako-pozoia-aurkitu-dute-ots
Arg. Carmela Musto et al/CC 4.0

Azken urteotan, otsoak (Canis lupus) ugaritzen ari dira Europa osoan, eta, batzuk hirietara gerturatzen dira. Italiako iparraldeko eta erdialdeko ikertzaile batzuek, hildako otsoak aztertuta, frogatu dute karraskarien populazioa kontrolatzeko erabiltzen diren konposatu antikoagulatzaileak zituztela. 

Lehen aldia da halakorik frogatzen dela. Zehazki, ikertzaileek analizatutako otsoen % 61ean aurkitu dute, gutxienez, antikoagulatzaile bat. Horrenbestez, ohartarazi dute karraskarien kontrako pozoia arriskutsua izan daitekeela otsoentzat eta beste haragijale batzuentzat, eta litekeena dela Europako beste leku batzuetan ere gauza bera gertatzea. 

Science of The Total Environment aldizkarian argitaratu dute ikerketa. Haien esanean, ikerketa baliagarria izan da arazoaren berri izateko, baina beharrezkoa da ikerketa zabalagoak egitea, zenbaterainokoa den jakiteko. Horrez gain, aurkitu dituzten antikoagulatzaileak arratoiak kontrolatzeko onartuta dauden arren, zalantzan jarri dute behar bezala erabiltzen ote diren.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia