Triceratops-aren arbaso txikia aurkitu dute
2002/03/21 Elhuyar Zientzia
Liaoceratops izendatu duten dinosauroaren hezurdura osoa aurkitu dute Txinako ipar-ekialdean.
Aurkitu den zeratopsen familiako kide zaharrena omen da. Eboluzioan zehar, zeratopsen familia bi taldetan banatu zen: psitakosauridoetan eta neozeratopsidoetan, eta Liaoceratops-ak bi talde horien ezaugarrien nahasketa duela konturatu dira. Hezur horien azterketarekin, familiaren eboluzioa nolakoa izan zen argituko duten datu ugari lortuko direla espero dute zientzialariek.
Liaoceratops-a txakur baten tamainakoa da eta, moko-itxurako muturra izateaz gain, Triceratops-etan hain ezaguna den lepoko apaingarriaren bertsio murriztu bat ere badu. Luze jardun dute zientzialariek zeratopsen ezaugarri berezia den lepoko apaingarriaren zeregina zein izan daitekeen asmatu nahian. Liaoceratops-aren kasuan, lepoko muskuluen lotura-puntua izan daitekeela proposatu da.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia