}

Itsas barraskiloaren argi berdea

2010/12/16 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Irudiko protagonista itsasalde arrokatsuetan bizi den molusku txikia duzue. Hinea brasiliana du izen zientifikoa, eta argia igortzeko gaitasuna du; argi berdea, hain zuzen ere. Ezaugarri horri biolumineszentzia deitzen zaio, eta animalia gutxik duten bereizgarria da.

Dena den, itsas barraskiloaren biolumineszentzia ez da nolanahikoa. Izan ere, biolumineszentzia hori oso zelula gutxiren bitartez sortzen du, baina bere oskola oso-osorik argiztatzen da. Bada, misterioa argitzeko gakoa oskolean omen dago. Orain argitu da berez opakua den oskola baliatzen duela argi berde hori norabide guztietan barreiatu ahal izateko. Bonbilla berdedun lanpara bat dirudi.

San Franciscoko Scripps Ozeanografia Institutuko kideek jakinarazi dutenez, litekeena da defentsa-mekanismo bat izatea. Akuarioan egindako esperimentuetan ikusi dute, hain justu, beste animalia batzuk (hala nola izkirak edo karramarroak) hurbiltzen zaizkionean “pizten” dela barraskiloaren argia. Ikertzaileek harridura agertu dute, moluskuak oskolaren bitartez “seinalea hain modu eraginkorrean nola maximizatzen duen” ikustean. Dirudienez, argia norabide guztietan barreiatze horrek handiagoa den itxura ematen dio barraskiloari, eta ustezko harrapariak uxatzen laguntzen dio.

Irudia: D. D. Deheyn, Kaliforniako Unibertsitatea.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia