}

Itsas dortoken legez kontrako harrapaketa

2010/12/05 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Itsas dortokak galtzeko arriskuan daude. Madagaskarren, esaterako, urtean 16.000 bat dortoka desagertzen dira. Betiko legez, turistentzako erakargarritasun handia izaten jarraitzen dute dortokek, baina, tamalez, are preziatuagoak omen dira ehiztarien begietara. Legez kontrako ehizaz mintzo gara, noski.
Arriskuan dauden Espezieen Zerrenda Gorrian itsas dortoka ugari ageri dira.
Aprilandrandy

Madagaskarreko gobernuak debekatu egin du itsas dortoken harrapaketa. Afrikako hego-ekialdeko uharte-estatu horretan, hain zuzen, dortoken espezie gehientsuenen kopuruak behera egin du azken urteotan. Egoeraren larritasunak eraginda, animalia horiek babesteko neurriak adostu zituzten duela zenbait urte bertako agintariek.

Nolanahi ere, orain ikerketa batek agerian utzi du legea urratu egiten dela, sistematikoki urratu ere. Salaketa Erresuma Batuko Exeter Unibertsitateko eta Blue Ventures erakunde ekologistako ikerlariek egin dute; Afrikako uharte-estatu hartako dortoken esplotazioaren inguruko lehen ebaluazio zuzena egin berri dute.

Madagaskarren dokumentatutako kasu gehienetan, dortoka berdea izan da kaltetua.
Fuzzy Gerdes

“Madagaskarreko legeen arabera, legez kontrakoa da dortokak harrapatzea, baina badakigu eskala txikian artisau-arrantzan aritzen direla. Egiaztatu dugu uharteko hego-mendebaldeko eskualde bakar batean galzorian dauden 16.000 bat itsas dortoka harrapatzen dituztela urtean”, esan du ikerlaneko arduradunetako batek.

Lanaren emaitzak Animal Conservation aldizkarian plazaratu dituzte. Bertan argitaratutako artikuluan, hain zuzen, garrantzia handia eman diote eskala txikian egiten den harrapatze horri. Jarduera hori zaila da kontrolatzen, urrutiko eremu askotara iristea korapilatsua izaten baita. Baina haren eragina “hil edo bizikoa” izan liteke, zonaldeko itsas dortoken harrapaketa modu jasangarri batean kudeatzeko bide bat aurkitze aldera. “Iraungitzeko arriskuan dauden espezieak izaki, eskualde hartan gertatzen dena jakitea oso garrantzitsua da guretzat. Tokian tokiko komunitateekin lan eginez, aurrera egiteko modu jasangarria aurkitu nahi dugu”.

Dortoka berdea, kaltetuena

Itsas dortoken harrapaketak zuzenean aztertu ahal izateko, Madagaskarreko hamabi hiri handienetako bizilagunengana jo zuten ikerlariek laguntza eske. Baiezkoa eman zieten, diru-kopuru baten truke (urtean 3.000 bat dolar amerikar komunitate guztietako kide bakoitzari). Aurrez aldetik, datu biologikoak lortzeko trebatu zituzten, dortoka bakoitzaren harrapaketa dokumentatu, eta, ahal zuten guztietan, argazki bat ere atera zezaten.

Beste hainbat herrialdetan ere antzeko emaitzak jasoko dituzten susmoa dute ikertzaileek.
Brock Roseberry

Orotara, dortoken 699 lehorreratze dokumentatu dituzte, eta dortoken lau espezie ezberdin daude tartean. Kasuen % 93,6an, kaltetua dortoka berdea ( Chelonia mydas ) izan da. Datu berriak eskualde berean lehendik zituztenekin bateratzean, zientzialariek ondorioztatu dute —“zuhurtziaz, beti ere”,— Magaskarreko eremu jakin hartan urtean harrapatzen dituzten dortoken kopurua 10.000tik 16.000rainokoa dela. “Argi dago ezin dugula izan harrapaketa ororen inguruko informazioa jasotzen dugun ziurtasun osoa. Horregatik, datuak estimazio zuhurtzat hartu behar ditugun arren, zinez baliagarriak dira”.

Dortokak, besteak beste, haragi-iturri oparoa dira Madagaskarreko biztanleentzat. Etxeko kontsumora ez ezik, legez kontrako merkataritzara ere bideratzen dituzte. “Baina haiek ere ulertu behar dute animalien biziraupena bermatzeak duen garrantzia”, diote ikertzaileek.

Lortutako emaitzak kezkagarriak dira, “eta baliteke kostalde tropikaleko herrialde ugaritan antzeko emaitzak jasotzea —ohartarazi dute—. Datu gehiago lortu artean, zaila izango da arazoari irtenbide bat aurkitzea. Argi dago harrapaketaren debekuak ez duela funtzionatu, eta, egoera jasangarria lortzeko, komunitateekin elkarlanean aritu beharko dugu. Guk baliatutako ikerketa-eredua beste leku batzuetan ere erabil liteke, datu zehatzak lortzeko bidea ireki digu eta”.

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia