}

Itsas elefanteak, ozeanografoen laguntzaile

2011/01/23 Aulestiarte Lete, Izaro - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Ozeanografoek Antartikako plataforma kontinentalaren itsas hondoa ezagutzeko lanean jarraitzen dute, eta, dirudienez, bide horretan hegoaldeko itsas elefanteak informazio-iturri garrantzitsutzat dituzte. Azken urteotan “elkarlanean” dihardute ugaztunekin; igerilari trebeak ez ezik, “zelatari” apartak ere izan daitezkeela erakutsi dute animalia horiek.

Hego Poloko izotzpean ezin izaten da urpekorik erabili, eta ohiko buiek igortzen dituzten seinaleek ezin izaten dute izotz-geruza zeharkatu. Itsas elefanteek aukera berri bat eskaintzen dute. (Irudia: Dan Costa) )

2005etik 2009ra bitartean, Kaliforniako Unibertsitateko (Santa Cruz) Daniel Costa biologoak igorgailu bana ezarri zien 57 itsas elefanteri. Ikerketa ekologiko baten barruko prozedura bat izan zen; helburua ozeanoko animalien habitata eta elikadura aztertzea zen, eta klima-aldaketak nola eragiten dien ere ikertu nahi zuten.“Interesa genuen animaliak non zebiltzan eta zer egiten zuten jakiteko”.

Ikerlana abian zegoen bitartean, 2008an, Wilkins izotz-xafla eta Antartika lotzen zituen izotzezko zubia desegiten hasi zen. Ikertzaile-talde ugari laster hasi ziren hori zergatik gertatu zen argitu nahian, eta Costa konturatu zen berak “etiketatutako” ugaztunen bidez bildutako datuak lagungarriak izan zitezkeela. Hain zuzen, bazekien animaliak eremu hartan igeri egiten eta informazioa biltzen aritu zirela.

Antartika zientziaren hainbat alorretarako laborategi natural ezin hobea bilakatu da. Han daude iraganeko erregistro klimatikorik onenak. Informazio gehiena izotzetan aurkitzen da.
Irudia: 23am.com

Bada, hegoaldeko itsas elefanteen larruari erantsitako hargailuek itsasoaren tenperatura, gazitasuna eta presioa neurtzen zituzten. Urtebetez, datu horiek biltzen zituzten gailuek, ugaztunak itsas hondora elikagai bila joaten ziren bakoitzean. Eta, gainazalera irtetean, informazioa Argos satelite-sistemaren bitartez kudeatutako datu-basera igortzen zen.

Lau urtez aritu zen Costa informazio hura biltzen, eta denbora-tarte hartan itsas elefanteak ozeano-hondoan hamarka mila aldiz murgildu zirela dio. Datuak aztertu zituztenean, ikertzaileek pozez hartu zuten emaitza: itsas hondoaz lortutako mapa edo “irudia” ordura arteko beste edozein baino askoz aberatsagoa eta osoagoa zen. “Lehengo mapen arabera itsas hondoaren azpian zeuden sakoneretan urperatzen ziren animaliak”, azaldu du biologoak.

Antartika inguruko klima-kondizioak muturrekoak izanik, itsas hondoa kartografiatzea ez da erronka makala. Tradizioz, itsasontziak eremu jakin batetik igaro, eta neurketa zehatzak egin ohi dituzte ozeano-hondoaren erakusle den mapa bat osatu ahal izateko. Baina hura izotzak estalitako kontinentea da, eta ur izoztuetan nabigatzea zaila da oso. Hartara, hainbat eta hainbat eremuren inguruko mapek satelite bidez zeharka lortutako estimazioak baino ez zituzten oinarrian.

“Sekretuak” argituz

Ezartzen dizkieten igorgailuek ez diete kalterik eragiten ugaztunei. Antzeko neurketak egiteko, fokak, marrazoak edo atunak ere erabili izan dira.
Irudia: Dan Costa

Wilkins izotz-xafla desegiten hasi zenean, haren azpiko urak aztertzen ziharduten Oregoneko ozeanografoek itsas hondoaren irudi bat behar zuten, doitasun handikoa, izotz-zapaldaren azpiko itsas korronteak eta zurrunbiloak ulertu ahal izateko. Costa ikertzaile haiekin harremanetan jarri zen, eta elkarlanean hasi ziren ozeanoak gordetzen dituen “sekretuak” argitu nahian.

Osatu duten mapa berriak erakusten du kontinente-ezpondak (kontinenteen ertzean, zapalda kontinentalaren eta itsas hondo abisalen artean dagoen zona maldatsuak, alegia) sakonune batzuk dituela. Sakonune horietan, ozeano zabaleko ur epelak kontinente-ezponda zeharkatzen du, eta Wilkinsen behealdeko ur izozturaino iristen da. Ikertzaileek horrela ondorioztatu dute ur epelaren fluxuak lotura zuzena izango zuela izotz-xafla desegiten hastearekin. Hainbat hedabidek eman dute haien lanaren emaitzaren berri.

Ikertzaileek diote “benetan baliagarria” dela lortutako informazioa, Hego Poloko Ozeanoa nola aldatzen ari den eta aldaketa horiek itsas elefanteei eta beste animalia batzuei nola eragiten dieten aztertzeko, adibidez. “Ugaztunek eman digute aukera aldez aurretik gizakiontzat irisgarri ez zen ozeano-hondo bat aztertzeko”.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia