}

Itsas erreserbak zeelanda berrian

1988/06/01 Etxeberria, E. Iturria: Elhuyar aldizkaria

Zeelanda Berriak bere legezko lehen itsas erreserba, orain dela 11 urte sortu zuen. Erreserbak legez ezartzearen ideia 1965ean jaio zen. 1970. urterako nazio honek bazituen itsaspekari-erakundeek eta itsas zientzilariek bultzatutako itsas erreserba espontaneoak. Handik urtebetera gobernuak gai honen inguruan lege bat atera zuen: Itsas Erreserben Legea. Legezko lehen itsas erreserba 1977an jarri zen erabat martxan. Orain Zeelanda Berriak behar bezala ezarritako lau itsas erreserba eta parke ditu, eta askoz gehiago ezartzeko plan ofizialak dituzte.
Mokia erabat babestuta Leigh-en. Arrantzalerik gabe, espezie asko ari da ugaltzen.

Dena den, Zeelanda Berriko itsas erreserbak oraindik oso esperimentu berriak dira. Ezinezkoa da esperimentuen emaitzak xehetasun osoz aurrikustea eta zaila aurrez zein joera egongo diren esatea. Itsas erreserbak sortu baino lehen, politikariek eta jendeak itsas zientzilariei zergatik behar ditugun galdetzen die, non kokatuko diren eta etekinak zeintzuk izango diren. Galdera guzti hauek arrazonagarriak dira, baina aieruak alde batera utziz ezinezkoa da beroriei erantzutea.

Zeelanda Berriko defendatzaileek dilema honi aurre egiteko bi bide dituzte. Lehena, zera da: ez-jakintasuna onartzea, baina erantzun egokiak aurkitzearen garrantzia azpimarratuz eta ustiapena erabat debekatuta esperimentuari jarraituz. Hau izan zen lehen itsas erreserbaren inguruan hartutako erabakia. Beste planteamendu bat zera da: erreserbaren helburuak mugatzea, zonaldea erabiltzen duen jendearekin kooperatzea, kaltegarriak diren iharduerak bakarrik debekatzea eta esperimentuak beharrezkotzat jotzen badu babesa handiagotzea. Hau zen Zeelanda Berriko bigarren itsas erreserbaren atzean zegoen ideia orokorra.

Lehen planteamenduan, esperimentuaren helburu nagusia ustiapenaren ondorio guztiak aurkitzea da. Honek zera esan nahi du: erreserbaren barruan arrantza egitea, dragatzea edo beste edozein iharduera debekatuta dagoela. Ondorengo helburua, etekinak baldin badaude zeintzuk diren frogatzea da. Horretarako, erreserbak publikoarentzat eta ikerlarientzat irekia egon beharko luke.

Itsas biologoei ongi datorkie Leigh-eko erreserba naturala. Hemen, urpekari bat Evechinus chloroticus itsas trikuaren populazioa aztertzen ari da.

Zeelanda Berriko Leigh-en, (lehen itsas erreserba, alegia) arauak sinpleak eta hertsiak ziren. Nahiz eta arrantzan egiteko debekuak Leigh-en ez dago ezer egiterik esan nahiko zuela uste izan, gero eta jende gehiagok bisitatzen du erreserba. Orain dela gutxi egindako azterketa batean agertzen denez, bisitari gehienek etorri aurretik badakite itsas erreserba dela, badituzte beren ibilbidean arrantzan egiteko lekuak, eta arau hertsidun erreserba gehiagoren beharra bultzatzen dute.

Erreserba oso ikerketa-leku aktibo bihurtu da. Erreserbako animaliak dentsitate eta banaketa naturalagoetan bizi dira, eta portaera naturalagoa dute. Lekuak esperimentuentzat eta grabaketa-ekipamenduentzat babesa eskaintzen du eta jarraipenerako segurtasuna. Xehetasun handiko mapak eta informazio piloa dago.

Bertako arantzaleak hasieran ez zeuden ados itsas erreserba jartzeaz. Orain, bere inguruan egiten dute arrantzan; eta erreserba barruko isileko arrantzaren aurka daude. Arrantzaleen ustez erreserbak arrain- eta karramarro-stock baliotsua eskaintzen die eta egoera mesedegarri izango zaie beraiei.

Kontrol hertsiak egon arren, Leigh-era bisitari asko hurbiltzen da. Udako asteburuetan hondartza jendez beteta dago.

Leigh-en hartutako planteamenduaren desabantaila zera izan zen: jendeak momentu hartatik aurrera lehendik zituen iharduerak burutu ahal ez izatea, baina inork ezin zuen bere iharduerak debekatzeko benetako arrazoirik aurkitu. Urte luzetako lana izan zen publikoaren sektore zabal bat esperimentua baliagarria zenaz konbentzitzea. Publikoak politikariak bultzatu zituen eta hauek, berriz, legeez arduratzen ziren administrariak. Ekintza martxan jartzeko prest zeuden unean, nahiago zuten helburu mugatuak zituen metodo alternatiboa.

Bigarren planteamenduaren arabera, kalteak sorterazten dituzten ekintzak baztertzea izango litzateke lehen pausua. Zonaldea erabiltzen duten pertsonekin luze kontsultatzea egokia dela dirudi, kalteak sortzen dituzten ekintzak zeintzuk diren pertsona horiei frogatuz.

Zeelanda Berriko bigarren itsas erreserba –Poor Knights deiturikoa– leku ikusgarrian dago eta bertako itsas biologia nazioko beste inon ez bezalakoa da. Inguruko irlak 20 kilometrora daude eta haitzetan espezie tropikal askotxo bizi da. Poor Knights oso urrun dagoelako, ez dago giza iharduerarik inguruan, urpekari eta itsasuntzi batzuk ezik.

Erreserbak babes mugatua bakarrik eskaintzen die arrainei.

Bigarren planteamenduak ere baditu bere desabantailak. Zaila da behar beharrezko diren arau konplexuak gogoraraztea eta ez da erraza arau horien arrazoiak ulerteraztea. Alde batetik, bisitariek arau hertsiagoak espero dituzte eta bestalde, bertara sartzeko ahalmena duten pertsonak defendatzaile bihurtzen dira. Posible da geroago babes-maila igotzea, baina arauak aldatzeak nahasketa sorterazten du. Zonalde hau oso berezia izanik eta maila batean kaltetu gabe dagoenez, etorkizunerako narriaduraren prebentzioa da helburu onuragarri bat, baina ez da hori besterik lortu.

Leigh-en, nahiz eta hasieran kontrako eritziak egon, planteamendu gogorrena suertatu zen egokiena. Ekosistema naturalaren inguruan ikertzeak dakartzan etekin ekonomiko, sozial eta zientifikoak eta gure ohizko ustiapen-mailaren benetako ondorioak oraindik sortzen ari dira erreserba honetan. Nazioan zehar antzeko erreserbak jartzeko planek, itsas espezie guztiak barne dituztelarik, Zeelanda Berriak gai honen inguruan eritzi garbia duela adierazten digute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia