Itsas hondoari begira
2006/06/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Biologoek espezie ezezagun asko aurkitzen dituzte itsas hondoan bilatzen dutenean. Horren adibide da Census of Marine Zooplankton izeneko proiektua. Estatu Batuetako hogeita zortzi itsas biologo itsasoratu ziren, eta bost kilometroko sakoneran dagoen zooplanktona harrapatzeari ekin zioten. Ondorioz, bostehun espezie inguru bildu, analizatu eta sailkatu zituzten. Analisia, besteak beste, DNAren irakurgailu eramangarri batekin egiten zuten. Hala, itsasontzian bertan jakin zezaketen espezie bakoitza ezaguna zen ala ez.
Bildu zuten espezie batzuk ikusten dira irudian: a) anemona ñimiño bat; b) kanpai-itxurako Hippopodius hippopodius animalia; c) Idiacanthus genero berriaren arrain bat; d) Pegantha marmoka; e) ktenoforo bat; eta f) tunikadun bat.