}

Itsas hondotik beherago, zer? Bizidunak

2008/07/20 Lakar Iraizoz, Oihane - Elhuyar Zientzia

Behin eta berriz errepikatzen da mikrobioak edonon daudela Lurrean; hasi leku altuenetik, eta sakoneneraino, hotzenetik beroeneraino... Mugaren batek egon behar du, ordea. Zientzialari batzuk saiatzen ari dira zehazten itsas hondoko sedimentuetan zein sakonerataraino diren gai mikrobioak hazteko. Bada, azkeneko muga itsas hondotik 1,6 kilometrora jarri du ikertzaile-talde batek Ozeano Atlantikoan.
Itsas hondoa ez da bizidunentzako muga; 1,6 kilometro barrura egin eta mikrobioak aurkitu dituzte. (Argazkia: NOAA)

Ez da erraza imajinatzea zer kondizio izan behar dituen inguru horrek; oro har, zenbat eta beherago egin sedimentuetan, orduan eta gogorragoak dira kondizioak. Batetik, bizidunek elikatzeko behar duten materia organikoa gero eta urriagoa da, sedimentuak gero eta zaharragoak direlako, eta, hortaz, denbora gehiago daramatelako hango elikagaiak xahutzen. Bada, aurkitu dituzten mikrobioak 111 milioi urte dituzten sedimentuetan bizi dira, alajaina!

Bestetik, ingurune horietan jasan beharreko presioa gero eta handiagoa da. pentsa, arrokak berak eragiten duen presioaz gainera, sedimentuen gainean Ozeano Atlantikoa dago! Eta, azkenik, tenperatura ere igotzen joaten da beherantz egin ahala (leku batzuetan lur azpian behera egiten den kilometro bakoitzeko hogei gradu igotzen da). Laginak hartu zituzten inguruan 60 eta 100 gradu arteko tenperatura neurtu zuten.

Bizidunen mugaren bila

Zientzialariek susmoa zuten sakonera horretan bizidunak bazirela. Izan ere, aurretik egindako ikerketa batzuek iradokitzen zuten mikrobio batzuk itsas hondotik 4-5 kilometroraino iritsiko zirela, hortik aurrera kondizioak gogorregiak bailirateke.

JODIES Resolution itsasontzi zulatzailearekin egin zuten 1,6 kilometrora iristeko zuloa. (Argazkia: Ocean Drilling Program, Texas A M University)

Iradoki bai, baina aurkitu, orain arte inork ez zuen bizidunik aurkitu itsas hondotik 842 metrora baino gehiagora. Muga hori oraingo aurkikuntza egin duen talde berak ezarri zuen 2002. urtean. Baina uste zuten egiaztatu egin behar zutela aipatutako kalkulu horiek adierazten zutena, eta ordura arte ezarritako muga hori txikiegia zela; alegia, gehiegi iruditzen zitzaien lau kilometrora bizidunak egongo zirela esatea eta zortziehun metrorainokoak baino ez egiaztatzea.

Hortaz, itsas hondoan sakonago sartzeari ekin zioten esandako muga hori egiaztatzeko asmoz. Ozeano Atlantikoan egin zuten laginketa, JODIES Resolution izeneko itsasontzi zulatzailearekin. Itsasontzi hori itsas hondoko sedimentuetatik petrolioa ateratzeko beharrezko zuloak egiteko erabiltzen zuten garai batean, baina orain dela hogei ikerketak egiteko tresnez hornitu zuten, eta, harrezkero, itsas hondoaren azpian ikerketak egiteko erabiltzen dute.

Hartutako laginen erdi-erdian zegoena aztertu zuten bakarrik, eta kontu handiz ibili ziren, laginak kutsatu ez zitezen.
Ocean Drilling Program, Texas A M University

Laginak hartzeko kontu handiz ibili ziren ikertzaileak, kosta ahala kosta lortu nahi baitzuten hartutako laginak ez kutsatzea, hau da, ateratzen ari ziren bitartean beste inguruneetako mikroorganismorik ez sartzea laginetan, egiazkoak ez ziren ondorioetara ez iristeko.

Horretarako, atera zituzten sedimentu-zatietan erdi-erdian zegoen materiala bakarrik aztertu zuten, hori baitzen kutsatuta ez egoteko aukera gehien zuena. Mikroskopio bidez antzeman zieten mikrobioei: ikusi zuten egon, behintzat, bazeudela.

Jakin nahi zuten, gainera, bizirik ote zeuden. Horretarako, tindatzeko metodo berezi bat erabili zuten: bizirik dauden zelulak kolore berde fluoreszentez tindatzen dituen koloratzaile bat eta hilda daudenak gorri fluoreszentez tindatzen dituen bat erabili zituzten. Hala, erraz ikusi zuten aurkitutako zelulen % 60 bizirik zeudela. Alegia, itsas hondotik kilometro eta erdira lasai asko bizi direla mikrobioak. Ikusi beharko dugu non ezartzen duten hurrengo muga, horretarako asmorik badute behintzat!

7K-n argitaratua.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia