}

Itsas maila eta izotza, elkarren eskutik

2010/03/14 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia

Lurra hoztu eta berotu egiten da, zikloka. Urte batzuetan, Lurraren batez besteko tenperatura baxua izaten da, poloetako izotza hedatu egiten da, eta inguruan duen guztia “harrapatu†egiten du. Beste urte batzuetan, berriz, kontrakoa gertatzen da: batez besteko tenperatura altuagoa izaten da, eta izotzak atzera egiten du, poloetara. Kontuan hartzeko moduko gorabeherak dira batzuk eta besteak. Izan ere, tenperatura-aldaketa horiek izotzaren hedatzea eta atzeratzea eragiten dute. Itsas mailaren gorabeheren erantzuleak dira, besteak beste.
Richard B. Alley

Izotz asko dagoen aroari edota izotz-masa handiek Lurreko eremu zabalak estaltzen dituzten aroari “glaziazioa†esaten zaio. Aro horretan, Lurreko klima hoztu egiten da, eta itsasoen eta ozeanoen maila, jaitsi. Lurra sortu zenetik, glaziazio ugari gertatu dira, bata bestearen atzetik. Hala ere, ziklo natural horiek oso irregularrak dira, eta, beraz, zailak iragartzen —Europan izandako azken glaziazioak duela 25.000 urte ingurura arte iraun zuen—. Ziklo irregularra da, faktore askoren mende dagoelako: kontinenteen banaketa, Lurrak Eguzkiaren inguruan egiten duen orbitaren forma, atmosferaren konposizioa, Eguzkiaren jarduera eta abar.

Aldaketa handiak epe laburrean

Mallorkako Vallgomera kobako estalaktitak.
Bogdan P. Onac

Hamaika ikerketa egin dira glaziazioak azaltzeko, ziklo horiek sortzen dituzten ondorioak neurtzeko... Ondorio nabarmenetako bat itsas mailan gertatzen diren gorabeherak dira. Izan ere, itsas mailak gora edo behera egiten du izotza urtu edo sortzean, hurrenez hurren. Duela hilabete bat, gutxi gorabehera, Science aldizkarian argitaratutako artikulu baten arabera, gure planetako izotza uste baino azkarrago eratu eta urtu daiteke, eta, ondorioz, itsas maila nabarmen alda daiteke epe laburrean.

Ondorio horretara iristeko, AEBko Iowa Unibertsitateko ikertzaileek Mallorcako Vallgomera kobako estalaktitak aztertu eta haietan txertatuta dauden kaltzita mineralaren neurketak egin dituzte. Koba horretako egitura geologikoak oso aproposak dira neurketa-mota hori egiteko. Izan ere, ehunka mila urtean Mediterraneo itsasoan murgilduta egon zen koba, eta, beraz, itsas mailaren gorabeherak neur daitezke. Bestalde, datu horiek planeta osorako balio dute.

Kaltzitazko makrokristalak Vallgomera kobaren paretak inguratzen dituzte.
Tony Merino

Mallorcako Vallgomera kobatik erauzitako datuetan oinarrituta, itsas maila duela 81.000 urte gaur egun baino metro bat gorago zegoela ikusi dute ikertzaileek. Horrek esan nahi du gaur egun baino izotz gutxiago zegoela, eta, segur aski, tenperatura egungoa baino zertxobait altuagoa izango zela. Gainera, itsas maila mende batean bi metro inguru hazi zela ikusi dute. Glaziarrak ziztu bizian urtzen ari ziren seinale, zalantzarik gabe. Lehenengo aldia da itsas mailaren aldaketa hain bortitzak neurtzen dituztena hain epe laburrean. Datu horien arabera, duela 81.000 urte urtu zen izotz-kantitatea ikaragarria izan zen.

Aurkikuntza hori zertxobait urrundu egiten da glaziazioei buruzko teoria tradizionaletik. Teoria horren arabera, 100.000 urteko ziklo batean, izotza pixkanaka metatuz joaten da, eta, ondoren, azkarrago urtzen da. Aurkikuntza horren arabera, ordea, izotza atzeratu bezain azkar heda daiteke, eta, gainera, denbora-tarte laburrean gertatzen dira ziklo horiek. Ikertzaileek diotenez, martxa horretan jarraituz gero, fenomeno horrek ikaragarrizko hondamendia eragingo du datozen mendeetan, batik bat kostaldeko hirietan.

7k-n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia