Itsas zaldiak: aita ‘haurdun’
2005/10/01 Kortabitarte Egiguren, Irati - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Hala da, bai. Itsas zaldiaren ugalketa oso bitxia da; arrak eta emeak elkar gorteiatu ondoren, emeak arraren sabel-poltsan uzten ditu arrautzak. Han egoten dira, hiruzpalau asteren ondoren kumeak jaio arte. Itsas zaldi arrak kanguruak duenaren antzeko poltsa bat du. Garaia iritsitakoan,
emeak 200 arrautza erruten ditu bikotekidearen poltsan saio bakarrean. Itsas zaldi arraren poltsan gutxi gorabehera 600 arrautza sartzen dira. Hala ere, normalean eme bakarrak ezin du poltsa bete.
Hurrengo hilabetean zehar, kumeak seguru hazten dira poltsaren barruan. Jaiotzeko unea iristen denean, itsas zaldi aita alga baten zurtoinean ainguratzen da. Ondoren, kulunka egiten du kumeei poltsatik irteten laguntzeko. Prozesu horretan, itsas zaldi arraren berezko kolorea erabat aldatzen da, eta zuri-grisaxka bihurtzen da. Kumeak jaio ondoren, ur-azalera igo eta, igeri-maskuria airez betetzean, ‘zutik’ jartzen dira lehen aldiz. Orduz gero, jarrera horretan biziko dira.
Eta horixe da, hain zuzen ere, itsas zaldiak duen beste berezitasun bat. Arrain gehienek burua aurretik dutela egiten dute igeri. Itsas zaldiak, ordea, burua altxatuta duela egiten du igeri. Bular-hegats txikiek zeharka mugitzen laguntzen diote. Isatsari esker, berriz, algei euts diezaieke urak ez eramateko edo harrapari izan litezkeenetatik ezkutatzeko. Izan ere, itsas zaldia kostatik hurbil bizi da, alga ugari den tokian.
Itxurari dagokionez, ez da dirudien bezain hauskorra. Azal gogorra du, eta etsaietatik babesteko balio dio, armadura balitz bezala. Hortaz, oso ahula eta hauskorra dirudien arren, kanpo-estaldura gogorra du.
Itsas zaldiaren begiak ez dira aldi berean mugitzen; begi bat ehizatzeko erabiltzen du eta bestearekin zelatan egoten da, etsaia noiz datorren ikusteko. Isatsa kiribildua du, tximuena bezalakoa. Eta, jan nahi duenean edo atseden hartu nahi duenean, isatsarekin koral- edo alga-zati bati heltzen dio.
Dragoi-itxurako itsas zaldia da, jatorriz Australiakoa, eta berezia oso. Babestutako espeziea da. Hala, baimena duten pertsonek ere ar bakarra harrapa dezakete urtean. Hain zuzen, horrexek izango ditu kumeak gero. Argi-aldaketa bortitzekiko oso sentidorra da. Itsas zaldi berezi hau Bartzelonako akuarioan ikus daiteke.
Itsas zaldia oso ugaria da; berrogeita hamar espezie inguru identifikatu dituzte mundu osoan. Cuvier-eko baroiak sailkatu zituen lehen aldiz 1829an. Ia guztiak Hippocampus generokoak dira. Mediterraneoan Hippocampus guttulatus da espezierik ugariena. Gutxi gorabehera hamabost zentimetro luze da, eta mutur luzea du.
Hain ugaria izanda ere, munduko hainbat tokitan itsas zaldia desagertzeko arrisku handia dago, haren habitata egoera txarrean baitago. Asian hogei milioi itsas zaldi arrantzatzen dira urtean –txinatar medikuntzan erabiltzen da, besteak beste–, eta arrantza masiboak, tokian tokiko espezie-kopurua ez ezik, espeziea bera ere galzorian jarri du.
Heldutasunera iristen den itsas zaldi bakoitzak milaka kume egin ditzake, baina itsas zaldien heriotza-tasa oso handia da arrainkumeak direnean; gutxi gorabehera, kumeen % 5ek irauten du bizirik itsasoan.