Itsaslasterrak aztergai klima-aldaketa ikertzeko
2006/03/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Itsaso sakoneko lasterretan gertatu diren aldaketak ikertu dituzte Kaliforniako Unibertsitatean Nunes eta Norris ozeanografoek. Eraldaketa horiek klima-aldaketarekin zerikusi hertsia dutela uste da, eta, horregatik, hura hobeto ulertzen lagun dezaketela.
Lasterrei buruzko informazioa lortzeko, Foraminifera izeneko fosil baten oskola ikertu dute ikertzaileek, karbonoaren bi isotoporen bila --karbono-12a eta karbono-13a--. Izan ere, urak zenbat eta denbora gehiago eman sakonera handiko lasterretan, orduan eta karbono-12 gehiago ageri da haren konposizioan. Hori horrela da izaki gehienek karbono-12a erabiltzen dutelako zelulen hazkuntzan, eta, hil ondoren, gai organiko horiek hondora egin ahala, korronte sakonak aberastu egiten direlako. Ozeano Bareko eta Atlantikoko hainbat puntutan bi isotopo horien arteko proportzioak neurtu dituzte, informazio horrekin gradientea egin dute, eta, hura erabiliz, itsaso sakoneko korronteen bilakaera ikusi dute.
Ikerketatik ateratako ondorioak garbiak dira. Duela 55 milioi urte itsaslasterrek berebiziko eraldaketa jasan zuten, Lurra berotze-ziklo batean zegoen bitartean. Ozeanoetako batez besteko tenperatura 7 edo 8 Celsius gradu igo zen orduan. Ikerketak, beraz, gaur egungo berotze globala aztertzen lagunduko du.