}

Itsaso Hila, gero eta sakonagoa

2002/01/23 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Itsaso Hilak, munduko ur gaziena edukitzeaz gain, sakonunerik handiena izatearen ohorea ere badu. Are gehiago, XX. mendean egindako neurketen arabera, gero eta sakonagoa da: 1930ean Mediterraneoaren mailatik 390 m azpitik zegoen, eta 1999an 414 m azpira jaitsi zela ikusi zuten geologoek.

1992-1999an ESAren ERS-1 eta ERS-2 sateliteek egindako behaketen bidez, hobeto aztertu da fenomeno hori, eta sakontzearen abiadura areagotzen ari dela jakin da. Horrela, ordura arteko neurketen arabera Itsaso Hilaren eskualdeko lurrak normalean urtean bi zentimetro hondoratzen baziren, sateliteek bildutako datuek argi uzten dute toki batzuk urtean 6 cm ere hondoratu direla. Itsaso Hilari berari dagokionez, epe horretan maila 6 metro jaitsi zen.

Itsaso Hila Jordan ibaiaren bokalean dago, eta gorantz doazen bi mendilerrok mugatzen dute: Moab mendiak mendebaldean eta Edom mendiak ekialdean. Halaber, ekialdetik ur gezako beste emari txikiago batzuk ere jasotzen ditu, baina inguruko izugarrizko beroa egiten du, eta ur hori lurrundu egiten da.

Gainera, Israelgo eta AEBetako geologoen esanean, Itsaso Hileko ura desagertzen ari denez, eskualde horretako azpialdeko harri porotsuak lehortzen ari dira. Ondorioz, ezin izango omen dute gainean dituzten arroken pisua luzaroan jasan, eta hondoratzeko arriskua omen dago.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia