}

Itsaso sakoneko erupzioa

2004/07/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Kameradun urpeko batek ur azpiko sumendi baten erupzioaren irudiak lortu ditu. Hasierako asmoa argazkiak hartzea zen, baina ezustean egin zuen topo erupzioarekin.

Kameradun urpeko batek ur azpiko sumendi baten erupzioaren irudiak lortu ditu. Hasierako asmoa sumendiaren eta itsas hondoaren argazkiak hartzea zen, baina urrutitik gidatutako ontziak ezustean egin zuen topo erupzioarekin. Zientzialarien ustez, balio handiko informazioa ekarriko dute irudi horiek.

Noaa/ap

Arrokak eta gasak batera eta bestera jaurtitzen zituen sumendiak, eta hodei dentsoek kolore horia hartzen zuten urarekin kontaktuan jartzean. Handik hurbil, gainera, beste arraildura baten irudiak hartu zituen urpekoak karbono dioxido likidoa askatzen.

Oraindik aztertzen ari dira hartutako laginak. Momentuz badakite jaurtitako materiala oso kaustikoa zela, kameraren lentea kaltetu egin zuen eta.

Sumendiaren ertza 600 metroko sakoneran dago, Mariana uharteen iparraldean, eta mendebaldeko Pazifikoa ikertzeko proiektu baten barruan garatu dute inguru hartan egindako lana.

Munduko sumendien % 70 ur azpian daude, baina, haiek ikertzea oso zaila denez, ez dira kontinenteetan daudenak bezain ondo ezagutzen.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia