}

Itsasoa ez dago bare

1995/10/01 Kaltzada, Pili - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa Iturria: Elhuyar aldizkaria

Memoria kolektiboan oso atzera egin behar antzeko mugimendurik gogoratzeko. Ekitaldi ikusgarriak burutu dira eta guztietara makina bat jende bildu da. Ekologiaren ikurra zeramaten batzuk, beste batzuk ordea, giza zentzuarena. Frantziak Mururoa atoloian iragarritako leherketa nuklearrak geraraztea asmo eta helburu zela, ekologismoaren urrezko garaiak berpizteko tenorean izan gara. Leherketarik egin bada ere, Ostadarreko Gerlariek udako borroka irabazi dutela esan daiteke. Alabaina, gerraren hasieran gaude.

Mururoa Polinesia frantseseko atoloia da. Greenpeacek burututako publizitate kanpainaren arabera, “urruneko lurralde horietan gizakiaren iharduerarik basatienak lekutzen dira”. Izan ere, 1966an Frantziako Gobernuak Tuamotu izeneko artxipelagoaren erdian jarri zituen bere begiak eta 20 kilometroko atoloi ikusgarria aukeratu zuen saio nuklearrak burutzeko. Geroztik 139 leherketa burutu da zeru garbian hasieran eta lur azpian azkenik. 1988az geroztik, Mururoan ezezik Fangataufa irlan ere makina bat saio nuklear burutu da, Greenpeacek emandako datuen arabera 15 inguru.

Leherketa nuklearrak

Frantziako gobernuaren iturri ofizialek saio nuklearrak erabat fidagarriak direla diote behin eta berriro. Iritzi orokorra ordea, guztiz bestelakoa da. Azken inkesten arabera, Frantziako populazioaren %60 inguru saio nuklearren kontrakoa da. Irudiotan Frantziako Armadak Mururoan zeru argian egindako azken leherketa.

1980. urterako zuloz jositako egitura zen Mururoa. Gruyére gazta zirudien. Izan ere, 1963az geroztik zeru argiko leherketak egitea erabat galarazita badago ere, Frantziak ez du aintzakotzat hartu gainerako estatuek onetsitako erabakia. 1991. urtea arte ez zen bildu akordio horretara.

Geroztik lur azpiko saioak egin dira. Lehen urratsa leherketa burutuko den lekua atontzea da. 6 asteko lana hartzen du 2 metroko diametroa eta kilometro bateko luzera duen zuloa irekitzeak. Zulotik behera jaitsarazten da bonba eta ondoren, porlanaz estaltzen da. Hortxe burutuko da, botoi gorria sakatu orduko, leherketa. Sakonean energia askatu egiten da eta horrek inguruko harria erabat beiratzea eragiten du. Lur azpitik erradiaziorik ez irtetea bermatzen omen du beirazko egitura horrek, baina praktikan beti-beti itzuriak gertatzen direla baieztaturik dago. Itzuri horien garrantzia zehaztean datza beraz, Mururoako leherketen inguruko eztabaida.

Horrez landa, eztandaren bortizkeriak dar-dar batean uzten du artxipelagoaren egitura. Cook irletako Raratoga hiriburuan ezarrita dago eskualde osoko astinaldi sismikoak neurtzen dituen sismografoa, 200 metroko sakonerara. Horrez landa, modem batek Cook Irletako sismografoa eta Zeelanda Berriko Behatoki nagusia lotzen ditu, edozein astinaldi gertatu orduko, bertako geologoak ohartaraziz.

Ingurugiroa

Polinesia frantseseko ingurugiroaren egoeraz datu ofizial gutxi eman da. Alderdi horri dagokionean ere, informazioa tantaka eman ohi du Frantziako gobernuak eta zaila gertatzen da esana eta egiaren artean bereizketa egitea. Bertsio ofizialaren arabera, leherketa nuklearrek ezin dute ingurugiroa kaltetu segurtasun-neurriek era guztietako itzuriak eragozten dituztelako. Atoloiaren zirrikituak ongi ezagutzen dituzten arrantzaleak ordea, ez dira iritzi berekoak. Mururoa eta Fangataufa basaltozko oinarria duten koralezko egitura iragazkorrak dira. Gaur egun Txernobilgo matxurak askatu zuen erradiazio-kopurua erabat gainditu dute egitura horiek.

Oreka geologikoa haustear dago, 1881ean Haroun Tazieff geologo frantsesak ohartarazi zuen legez. 1987an Jacques Cousteauk iraupen ertaineko erradioisotopo asko aurkitu zituen Mururoako aintziraren inguruan eta iruditan jaso zuten atoloiaren egituran gertatzen ari ziren aldaketak. Atoloia zahartzen hasia zela zioen erreportajean Cousteauk eta degradazio hori zela kausa, leherketak Fangataufan egin beharko zirela iragarri zuen. 1988an Fangataufan leherketa indartsuagoak egingo zirela berretsi zuen Frantziako gobernuak.

Osasuna ere lehertuz

Irailaren 5ean burutu zen Mururoan lehen saio nuklearra. 20 kilotoietako leherketak 83 segunduko iraupena izan zuen eta Hiroshiman duela 50 urte burututakoaren adinakoa izan zen. Era horretako beste zazpi saio egin asmo ditu Frantziako gobernuak.

Orain arte ez da Polinesia frantseseko biztanleei buruzko azterketa epidemiologikorik egin. Bertan burutu diren leherketa nuklearretan parte hartu zuten langileen osasunaz egindako azterketen emaitzek sekretupean darraite, sarritan eskatu badira ere. Herritarrek zerbait larria ezkutarazi nahi dutela leporatu diete osasun-erakundeei. Horiek datuak ezagutzera eman beharrik ez dutela erantzun ohi dute. Giroak ez du leherketek sortutako kalteak zenbaterainokoak diren aztertzea erraztu eta ondorioz, irletako biztanleek zuzenean emandako testigantza da iturri bakarra. Greenpeace erakundeak argitaratu berri dituen datuen arabera, ofizialki esan zaiguna baino larriagoa izan daiteke leherketek eragindako egoera.

Banan-banan galdetu zaienean, Mururoako biztanleek ez dute zalantzarik azaldu: Frantzia leherketa nuklearrak egiten hasi zen momentutik, herritarren osasun-egoera erabat gaiztotu egin da. 1975eaz geroztik, neurriz kanpo handiagotu da minbizia duten biztanleen kopurua, jaiotzetiko malformazioak pairatzen dituztenena edota ordura arte ezagutzen ez diren gaixotasunen agerpena. Urte horiez geroztik izan ere, Frantziako Gobernuak 130 buru nuklear eztandarazi dituela onartu du. Egiazki lehertu direnak beraz, askoz gehiago dira.

Leherketen atzean zer?

“Frantziak eman dituen azalpenak eta leherketa nuklearren inguruan burutzen ari diren ikerketak ez datoz bat inolaz ere”. Horrelaxe mintzo dena Christopher Paine, Baliabide Naturalen Ustiapenerako Batzordeko kidea da. New Scientist aldizkariak argitara eman dituen datuen arabera, makina bat joan-etorri egin dute erakundeko kideek azken hilabete hauetan. Leherketa nuklearrak geldiaraztea lortu ez badute ere, saio horien egiazko arrazoiaz lehen eskuko informazioa eskuratu ahal izan dute. Frantziako gobernuak ofizialki aitortu ez badu ere, leherketek arma nuklearren hurrengo belaunaldia abiarazteko erabiliko dituztela salatu dute. “Frantziak azterketa-lerro horretan ahalegin handia egin du”, zioen Painek.

Horren arabera, leherketa berrien atzean orain artekoak baino askoz indartsuagoak diren buru nuklearrak erabiltzeko asmoa dago. Frantziako Energi Nuklearrerako Institutuak ordea, saioen funtsa orain arteko armak hobetzea dela dio horretaz galdetzen zaion oro. Simulazio-programa hori PALE izeneko egitasmo orokorraren atal bat dela diote.

Programa horren barruan, besteak beste, 2003. urtean Bordelen kokatuko den laser erraldoia aurrikusita dago. Dakigunez, era horretako laserrak leherketa termonuklearretan buru nuklearren portaera optimizatzeko erabil daitezke eta mingain gaiztoen arabera, horixe izango da Bordelekoaren erabilpenik garrantzitsuena. Laserrak hidrogenozko leherketa eragin eta nukleoen fusioa azkartuko du eta emaitzak aztertuta, leherketa nuklearrei buruzko ereduak sortzea errazago eta eraginkorragoa izango da.

Eredutik egiazko saioetara urrats txiki bat besterik ez dago. Simulazioa bera erabiliz bestalde, aire-lurra misiletako buru nuklear berrien eta 2000. urtetik aurrera Triomphant urpekuntzietan ezarriko diren buruen diseinua ere azkartu egingo da.

Arma Nuklearrak Ez Ugaltzeko Akordioa (AEUA)

Hitzarmena 1970. urtean sartu zen indarrean. Akordioak 1967an arma nuklearren jabe ziren bost estatuak errekonozitu zituen: EEBBak, garaiko Sobiet Batasuna, Frantzia, Erresuma Batua eta Txina. Onetsi zenez geroztik, 165 estatu bildu da Akordiora.
Estatu horiek onartutako akordioak zenbait betebehar aurrikusten du arma nuklearren ekoizpena mugatzeko.
Arma nuklearren jabe diren bost estatuek ez dute teknologiaren transferentzia sustatuko arma nuklearrik ez duten estatuetan.
Arma nuklearrik ez duten estatuek ez dute teknologiarik eskuratuko ezta arma nuklearrik ekoiztuko. Horrez landa, Energia Atomikoko Nazioarteko Erakundeak kudeatuko duen azterketa-programa onartu egingo dute.
Energia nuklearraren erabilpena helburu baketsuetara bideratuko dela bermatuko dute Nazioarteko Erakundeek.
Estatu guztiek armategi nuklearra gutxiagotzeko eta desarmea bultzatzeko konpromezua bere gain hartzen dute.
AEUA bost urtetik behin berrituko da. Horretarako, Nazioarteko Biltzarra ospatuko da eta bertan hartutako erabaki guztiak gehiengoaren oniritzia beharko dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia