Itsasoaren kolorea aldatzen ari da, klima-aldaketaren eraginez
2023/07/12 Etxebeste Aduriz, Egoitz - Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria
Itsasoaren kolorea aldatu egin da azken 20 urteetan. Klima-aldaketaren eraginez itsas azaleko ekosistemetan gertatzen ari diren aldaketen ondorioa da, Nature aldizkarian argitaratu duten lan baten arabera.
Satelite bidezko neurketa da itsas ekosistemen mundu-mailako denbora-serieak lortzeko bide bakarra; horixe baita horretarako behar den eskalan neurketak egiteko modu bakarra. Eta hainbat hamarkada daramatzate sateliteek itsasoaren kolorea neurtzen. Batez ere, klorofilaren jarraipena egin da orain arte, baina uste da 30 urte baino gehiago behar direla klorofilaren bidez klimak eragindako aldaketak hautemateko.
Ikerketa honetan, ordea, proposatu dute aldaketak azkarrago hauteman daitezkeela erreflektantzia neurtuta. Itsasoaren kolorea neurtzeko modu bat da, eta aukera ematen du klorofilaren kontzentrazioa eta ekosistemen egoera ondorioztatzeko. Hogei urtetako datuak aztertu dituzte eta ikusi dute denbora-tarte horretan kolorea aldatu egin dela; oro har, berdera egin du.
Ikertzaileek ondorioztatu dute kolore-aldaketa hori komunitate planktonikoetako aldaketen isla dela, eta klima-aldaketaren eraginez ari dela gertatzen. Gainera, planktonak itsasoko elikagai-kateetan eta karbonoaren metatzean duen garrantzia dela eta, ikertzaileek azpimarratu dute oso baliagarria dela ekosistema horietan gertatzen diren aldaketak atzeman ahal izatea.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia