}

Itsasoko olatuen burbuilei adi

2002/08/22 Elhuyar Zientzia

Olatuak hausten entzutea benetan da lasaigarria eta atsegina jende askorentzat. Orain, Kaliforniako La Jollako Ozeanografia Institutuko ikertzaileei esker, agerian gelditu da olatuen soinuen misterioa. Haien esanean, ardura guztia olatuetan sortzen diren burbuilena da. Eta ez hori bakarrik: gainera, burbuilek klimarekin zerikusia daukate.

Bai itsasoan bai laborategiko depositu handi batean, olatuak haustean zenbat burbuila eta zein neurritakoak sortzen diren aztertu dute ikertzaileek. Horrela, neurriaren arabera burbuilak bi taldetan banatzen direla ikusi dute: milimetro batekoak alde batetik, eta handiagoak bestetik.

Burbuila handienak olatuaren muturrak gorputzari aurre hartu eta ‘tuboa’ eratzen denean sortzen dira, eta txikienak gainak itsas azalaren aurka jo eta zipriztinak azaltzen direnean. Bada, burbuila txikiek handiek baino tonu altuagoko soinua egiten dutela ikusi dute ikertzaileek.

Horretaz gain, olatuak bi motatan sailkatu dituzte: bat-batean lehertu edo puskatzen direnak eta isurtzen direnak. Lehenengoak burrunbatsuagoak dira, eta hasiera zorrotza dute; besteak, berriz, soinu apalagoa ateratzen dute, apalago hasten dira eta soinua pixkana igotzen da, baina aurrekoek baino luzaroago irauten dute.

Burbuilek badute, ordea, beste eginkizun bat ere: itsasoaren eta airearen arteko gas-trukean laguntzen dute. Horri esker, itsasoko landaretzak hain beharrezkoa duen karbono dioxidoa airetik itsasora pasatzen da. Bide batez, horrekin Lurraren berotze-efektuari aurre egiten zaio. Bestetik, ur-tantatxoak airera pasatzen dira, eta batzuk hodeietara iristen dira.

Hori guztia jakinda, hemen doa erronka: ea nor den gai itsasoa entzutearekin bakarrik surf egiteko olatu onak dauden ala ez esateko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia