}

Itsasontziek uste baino nitrogeno-oxido gehiago isurtzen dute atmosferara

2004/01/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Munduko petrolio-ontzi, merkataritzako ontzi eta arraste-ontzi guztien artean, urtean Estatu Batuek bezainbeste nitrogeno-oxido isurtzen dute. Hori da ikerketa batek aditzera eman berri duena. Isurketak gertatzen zirela ezaguna lehendik bazen ere, orain isurketak uste zen baino bi aldiz handiagoak direla kalkulatu dute.

Itsasontzien isurketak neurtzeko, bi aldagaiz baliatzen dira: itsasontziek erositako erregai kantitatea eta itsas tresneriaren batezbesteko errendimendua. Hala ere, ez da batere kalkulu erraza, isurketak etengabe barreiatzen baitira. Gainera, gaur egun arte, nazioarteko ontzigintza baino ez zen kontuan hartzen, ferry-ak, atoiontziak eta portu-zerbitzuak alde batera utzita.

Isurketaren lekuan lekuko efektua eta efektu globala arras desberdinak dira. Hala, isurketa gertatzen den gunea ere garrantzitsua da, itsasertzetik hurbil gertatzen denean, esaterako, nitrogeno-oxidoak lurrak ere kalte ditzakeelako. Isurketa horien inguruko legedian pauso asko oraindik emateke egon arren, badira zenbait neurri hartzen hasiak diren tokiak. Esaterako, Los Angeles-en, porturatzean itsasontziek abiadura moteldu behar dute, isurketak gutxitzeko.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia