Itzalak argi egiten duenean
2003/11/23 Rementeria Argote, Nagore - Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
Kontzeptualki izugarrizko aldaketa ekarri zuen Lurra laua ez zela onartzeak. Antzinaroko jakintsuei zer- pentsatu eman zien; izugarri, gainera. Ordura arte, Lurra laua zelakoan, infinitua zen ala, alderantziz, bukaera mugatua zeukan adostu ezinik ibili ziren. Ezagunak dira munduaren amaiera munstroz beteta deskribatzen duten kondairak.
Baina Lurra esferikoa izateak tamaina jakin bat zeukala esan nahi zuen, eta, aldi berean, bukaerarik ez zeukala. Zenbat neurtzen zuen, bada? Horra hor Lurra biribila zela onartzeak ekarri zuen galdera berria.
Itzalari esker
Eguzkiaren koroa ezagutzeko beharrezkoa da erdigunea eklipsatzea.Galdera berri hari nola erantzun? Itzala erabiliz. Izan ere, geometrialariek itzalaren izaera fisikoari etekina ateratzea pentsatu zutenean, bete-betean asmatu zuten; eta Eratostenes-ek, esaterako, Lurraren tamaina neurtzeko erabili zuen.
Eratostenesek egindako kalkuluaren oinarria nahiko sinplea den arren, haren zehaztasunak oraindik ere harritu egiten ditu adituak. Izan ere, Lurrak ekuatorean 40.065 Km neurtzen du, egungo teknikak erabilita dakigu hori, eta geometrialari greziarrak 80 km gutxiago neurtu zizkion Kristo jaio baino bi mende lehenago.
Alexandriako liburutegiko arduraduna zen Eratostenes. Bazekien Egipton hegoalderago zegoen herri batean, Syene-n (gaur egun Asuan) ekainaren 21eko eguerdian, putzusakon batean, Eguzkiaren izpiak hondoraino iristen zirela, eta, une berean, zutabeek ez zutela itzalik. Horrek esan nahi zuen Eguzkia guztiz perpendikular zegoela Lurrarekiko. Aldiz, egun eta ordu berean, Alexandrian zutabeek bazuten itzala, eguzki-izpiak ez baitziren zuzen-zuzenean iristen, zeihar baizik.
Syenera eta Alexandriara iristen diren eguzki-izpiak paraleloak direla kontuan izanik, berdinak behar zuten izan Alexandriako zutabe baten eta haren itzalaren arteko angeluak eta bi hirietatik Lurraren zentrora doazen erradioen arteko angeluak. Beraz, Alexandriako zutabearen altuerarekin eta itzalaren luzerarekin angelu hori kalkulatu zuen, eta bi hirien arteko distantzia neurtuta zegoenez, Lurraren erradioa kalkulatu ahal izan zuen, eta horrekin zirkunferentzia osoarena, hau da, Lur planetaren perimetroa.
Ilunpeko argia
Eguneroko bizitzan ohituta gaude itzalak nonahi ikusten.
Lurra ezagutzeko ez ezik, haren inguruko astroak kokatzeko ere balio izan du itzalak. Esate baterako, Lurretik Ilargiraino dagoen distantzia edo Eguzkiraino dagoena kalkulatzeko. Neurketa errazteko eklipseak eta ilargi-faseak erabili ziren, eta, azken finean, itzalaren eraginez gertatzen dira bai eklipseak eta baita ilargi-faseak ere. Ilargi-eklipsea, esaterako, Lurrak Ilargiari itzal egiten dionean gertatzen da, edo, hobe esan, Ilargia gure planetaren itzalean sartzen denean.
Lurretik Eguzkira eta Ilargira dagoen distantzien arteko erlazioa kalkulatzen lehena Aristarko izan zen. Neurketa ilargierdian egin zuen eta Eguzkia Ilargia baino hemeretzi aldiz urrunago dagoela ondorioztatu zuen.
Dena dela, Lurretik begiratuta, Eguzkiak eta Ilargiak ia tamaina bera dutela dirudi; beraz, Eguzkia hain urrun badago, askoz ere handiagoa da Ilargia baino, eta baita Lurra bera baino handiago ere. Lurra unibertsoaren erdigunea zela uste zutenentzat kolpe latza izan zen hura; unibertsoaren zentroa Eguzkia ote zen, bada? Zalantza horren bueltan agertu ziren lehenengo teoria heliozentristak.
Bestalde, Ilargiak erliebea daukala jakiteko ere, itzalei begiratu zien Galileok teleskopioarekin. Izan ere, Lurra ez beste astro guztiak perfektuak zirela uste zen, biribil-biribilak eta inolako koskarik gabeak. Eta Ilargiak ere mendiak eta haranak zituela ikustean, unibertsoan Lurra hain egitura berezia ere ez zela pentsatu zuten, eta Lurraren antzeko beste planeta batzuk ere izan zitezkeela.
Eguzkiaren onena...
Itzalak lurrazaleko erliebe irregularrak nabarmentzen ditu.Gaur egun unibertsoa askoz ere hobeto ezagutzen dugu, jakina. Baina itzala oraindik ere oso erabilgarria da astronomian. Eguzkia ikuskatzeko bereziki eraikia izan zen SOHO behatokitik ateratako argazki askotan, esate baterako, Eguzkiaren erdigunea estali egiten da, argi-izpi indartsuenek ingurukoa ikustea eragotz ez dezaten. Hala lan egiten duen tresna koronografoa da, eta eguzki-eklipse baten gisan jokatzen du.
Argi dago itzala beharrezkoa dela zenbait gauza garbiago ikusteko. Eta, eguneroko bizitzan ere, horren adibide pila bat aurki ditzakegu. Izan ere, gure begiak itzalaren erregulartasunarekin ohituta daude. Horregatik, itzalik gabeko irudiak zeharo irrealak iruditzen zaizkigu.
Argia eta itzala txanpon beraren bi aldeak dira, eta gure artean eguzkizale amorratuak badaude, ez dira gutxiago itzalaren defendatzaile sutsuak. Uda itzalpean pasatzen duten horietakoa bazara, badaukazu itzalaren handitasuna eta beharra defendatzeko arrazoirik.
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia