Itzalaldiak argitu zuena
2004/08/04 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
2003ko abuztuaren 14ko itzalaldia Ipar Amerikako handiena izan zen. AEBetako eta Kanadako 50 milioi biztanle argirik gabe egon ziren 30 orduz. Horrek gaua are beltzagoa egin zuen, baina egunez argitasuna areagotu egin zen. Hain zuzen, ikuspena bestela baino 40 km handiagoa izan zen toki batzuetan.
Ikertzaileak harrituta daude ondorioak zenbaterainokoak izan ziren ikusita. Esaterako, airearen poluzioa uste baino askoz gehiago jaitsi zen: ozono-kontzentrazioa erdira jaitsi zen, sulfuro dioxidoa % 90 gutxitu zen, eta Pennsylvania gainean ohikoa den lainoa desagertu egin zen.
Datu horiek biltzeko, elektrizitate gehien ekoizten den tokiak hegaldatu zituzten, eta behe-atmosferako poluitzaile nagusien kontzentrazioak neurtu. Emaitzak orain argitaratu dituzte, Geophysical Research Letters aldizkarian.
Horretaz gain, hainbat ondorio atera dituzte. Ikertzaileen ustez, airearen kalitatean eragin kaltegarriagoa dute zenbait metroko altueran isuritako poluitzaileek lurzoruaren mailan isuritakoek baino; hau da, tximinietako keak autoetakoak baino kaltegarriagoak dira. Bestetik, elektrizitatea ekoizten duten instalazio zaharrak berriekin ordezkatu ahala, airearen kalitatea hobea izatea espero dute, berriek ez baitute hainbeste poluitzaile isurtzen.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia