}

Izaki bitxia zara gero!

2009/09/19 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia

Izaki bitxia zara gero! Ez, ez hartu gaizki, ez da nik esana; New Scientist aldizkariak giza espeziearen hamar misterioei buruzko artikulu bati emandako izenburua da. Egileak Emma Young, Caroline Williams eta Kate Douglas zientzia-kazetariak dira, eta, haien ustez, lotsaz gorritzea, barrea, pubiseko ilea, nerabezaroa, ametsak, altruismoa, artea, superstizioa, musua eta sudur-zuloan hatza sartzea dira gure ezaugarri arraroenak.

Arraroa, benetan arraroa, zerrendaren azken lekuan azaltzen den hori iruditu zait niri. Gainerakoak topatu izan ditut gai beraren gaineko beste lan batzuetan; ez beti denak batera, baina bai gehientsuenak, edo haien antzekoak. Sudur-meatzaritzaren konturik ez, ordea.

Artikulu baten arabera, lotsaz gorritzea, barrea, pubiseko ilea, nerabezaroa, ametsak, altruismoa, artea, superstizioa, musua eta sudur-zuloan hatza sartzea dira gure ezaugarri arraroenak.

Azalpena irakurrita, baina, ez da hain harrigarria zerrendan agertzea, azkeneko tokian bada ere. Izan ere, dirudien baino mami gehiago du: 2001ean, IgNobel sari bat irabazi zuten Bangaloreko Buruko Osasunaren eta Neurozientzien Institutuko bi ikertzailek, sudur-zuloetan aztarrika ibiltzeari buruz egin zuten ikerketarengatik.

Hain zuzen, ikertzaileek Bangaloreko lau eskolatako 200 ikasle ikertu zituzten, eta frogatu zuten ia denek sartzen zituztela hatzak sudurzuloetan. Batez beste, egunean lau alditan aritzen ziren horretan. Hala ere, 9k bakarrik esan zuten gero mukiak jateko ohitura zutela, hau da, % 4,5ek baino ez.

Gutxik aitortu zuten arren —ehunekoa berez altuagoa zelako susmoa zuten ikertzaileek—, ohitura izatea bera esanguratsua iruditu zitzaien. Eta azalpen bat ere proposatu zuten. Haien arabera, litekeena da mukiak jatea immunologia-sistemarentzat onuragarria izatea. Hipotesia bat dator alergiak areagotzea gehiegizko higienearekin lotzen duen teoriarekin.

Bitxikeria gehiago

Horrekin alderatuta, gainerako bitxikeriak ezagunagoak dira. Esate baterako, Charles Darwinek berak galdetu zion bere buruari zergatik gorritzen ote garen, ez baitu ematen gure espeziearen iraupenerako oso mesedegarria denik. Alabaina, munduko bazter guztietako jendea gorritu egiten da egoera jakin batzuetan; beraz, abantailaren bat eman behar du.

Darwin ez zen gai izan erantzuna emateko, baina, gerora, beste ikertzaile askok aztertu dute gaia, eta badirudi pertsonen arteko konfiantzarekin lotuta dagoela. Alegia, fidagarriagoa iruditzen zaigu gorritzeko gai den pertsona bat aurpegiera aldatzen ez duen beste bat baino. Eta nahiago dugu lehenengoarekin elkartu, bikotea osatzeko edo ehizara joateko, adibidez.

Barrea ere aspalditik izan da ikerketa-gai. Antropologoek azalpen asko ematen dizkiote barreari, eta, artikuluan, batzuk aipatzen dituzte, hala nola taldea indartzeko funtzioa duela eta hautespen sexualarekin batera eboluzionatu duela. Hain zuzen, Laugther: A scientific investigation (Barrea: ikerketa zientifiko bat) liburuaren egileak, Provine ikertzaileak, frogatu du emakumezkoek, oro har, umorea eskatzen dietela bikotekideei, eta gizonezkoek, berriz, umorea eskaintzen dutela.

Gainerako misterioak ere antzera azaltzen dituzte artikuluan. Gorputzeko ilea zergatik den askoz ere ugariagoa gure gorputzeko leku batzuetan besteetan baino, zergatik igarotzen dugun aro arraro hori ume izatetik heldutasunera iristeko, zergatik egiten dugun amets, zergatik batzuetan norbaiti mesede egiten diogun ordainetan ezer jasotzeko itxaropenik gabe, zerk bultzatzen gaituen artelanak sortzera, zergatik sinesten dugun superstizioetan, eta zergatik ematen diogun elkarri musu, horiek denak eboluzioaren ikuspuntutik azaltzen dituzten azken teoriak, hipotesiak edo ikerketak laburtzen dituzte New Scientist-en.

Aldizkariaren webgunean aurki dezakezu artikulua (What a strange creature you are, 10 Mysteries of You ). Hala ere, gure bitxikeria bati buruzko azalpena jakiteko gogoz geratu naiz: zuk badakizu zergatik iruditzen zaigun hain interesgarria, berezia eta bakarra gure burua eta, oro har, gure espeziea?

Gara -n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia