}

Izarrak eta izarrak

2008/12/10 Carton Virto, Eider - Elhuyar Zientzia

1572ko azaroko lehen egunetan izar bat sortu zen zeruan. Orduko biztanleek begi hutsez ikusi ahal izan zuten izar berri haren distira, baita egunez ere. Ez zen une bateko kontua izan, gainera. Argiak 1574ra arte iraun zuen zeruan, poliki-poliki itzali zen arte. Izar berri hura mugarri izan zen astronomiaren historian, Aristotelesen ondarea eta garai hartako dogma baztertzeko bide eman baitzuen, alegia, Ilargitik eta planetetatik haratagoko zerua aldaezina zela zioena. Esan liteke izar haren argitara garatu zituztela, lehenengo, Brahek, eta, ondoren, Keplerrek eta Galileok ideia, metodo astronomiko eta teknologia berriak -tartean teleskopioa bera-, eta haren suak elikatu zuela Kopernikoren eredu heliozentrikoa.
Irudia: Kaliforniako teknologia Institutua.

Poetikoa da oso, pentsatzea heriotza batek piztu zuela aurrerapen astronomikoen aldi garrantzitsu bat. Izan ere, egiaz ez zen izarrik jaio azaroko gau hartan, eta, itzali ere, ez zen bi urte geroago egin. 1572ko azaroan zeruan agertu zen fenomenoa supernoba bat izan zen, izar baten leherketa erraldoi bat, nahiz eta izen horrekin ez den XX. mendearen erdira aldera arte deskribatu. Hain ikusgarria izan zen, ezen mundu osoko astronomo ugarik behatu baitzuten, eta aztertu, garai hartan eskura zituzten tresnekin (teleskopioa asmatzeke zegoen artean); baina, beste guztien gainetik, Tycho Braheren izenari lotzen zaio supernoba, Tychoren supernoba esateraino.

Astronomo daniarrak deskribatu zuen ondoen eta zehatzenen -izugarri neurketa zehatzak egiten zituen- 1573an argitaratutako De Stella Nova liburuan, eta han esaten zuen izarrak Ilargia baino askoz ere urrunago behar zuela egon, ezinezkoa orduan nagusi zen ikuspegi aristotelikoaren arabera. Gaur egun badakigu 7.500 argi-urtera dagoela Lurretik, eta ez dela erabat desagertu ere bai. Joan den astean bertan izan da albiste, Braheren oinordekoak gai izan baitira, teleskopio moderno ahaltsuen bidez, duela laurehun urte baino gehiago begi hutsez ikusi zen leherketa ikusgarri haren oihartzuna jaso eta neurtzeko. Neurketa horri esker, zein motako supernoba izan zen zehaztu du Astronomiako Max Planck Institutuko ikertzaile-talde batek, eta aitzakia ezin hobea eman digute aspaldiko kontuak gogora ekartzeko.

Johannes Kepler
Irudia: Kaliforniako teknologia Institutua

Historiak dio 1572ko supernoba erabakigarria izan zela Brahe astronomiara erabat lotzeko, eta Braheren lanak funtsezkoak izan ziren Keplerrek planeten higidurari buruzko oinarrizko hiru legeak garatzeko. Kepler jaio berri zen Tychoren supernoba lehertu zenean, baina bi astronomoek elkarrekin lan egiteko aukera izan zuten, oso epe laburrean bada ere: bi urte eskas baino ez, hain zuzen ere. Brahek Pragako bere behatokian lan egitera gonbidatu zuen Kepler 1600. urtean, baina bien arteko harremana ez zen oso ona izan. Brahek ez zion askatasunik ematen Keplerri bere datuak kopiatu eta erabiltzeko; muga handiak jartzen zizkion. Brahe ezustean hil zen, ordea, 1601eko urrian, eta Keplerrek 'jaso' zituen haren lanpostua eta neurketak.

Ez dago erabat garbi Braheren datuak haren oinordeko diruzaleen eskuetatik salbatu edo lapurtu egin ote zituen, nahiz eta iturri gehienek bigarren hipotesiaren alde egiten duten. Kontua da Keplerren eskuetan amaitu zutela, eta datu haien analisitik abiatuta -Marteren orbitaren datuetatik, bereziki-ondorioztatu zituela Keplerrek planeten higidurari buruzko oinarrizko hiru legeak. Gorputz zerutar baten heriotzak inspiratu zuen maisua, eta gorputz lurtar haren heriotzak elikatu zuen ondorengoaren talentua. Izar bat, bi izar, hiru...


Berria n argitaratua

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia