}

Izokinen eta zuhaitzen arteko elkarlana

2001/11/01 Elhuyar Zientzia Iturria: Elhuyar aldizkaria

Izokinek itsasoko mantenugaiak hartzen dituzte, eta errutera joaten diren ibaian gora garraiatzen dituzte. Horien gorpu hilek ibai ondoko landaredia ongarritzen dute. Analisi isotopikoen arabera, errunaldia gertatzen den erreketan, zuhaitz eta zuhaixkek hostoetako nitrogenoaren % 22-24a izokinetatik jasotzen dute. Mantenugai horiei esker, inguruko zuhaitzen hazkuntza-tasa dezente handitzen da.

Aldi berean, ibaiertzeko landarediak errekaren habitataren kalitatea hobetzen du itzalari, sedimentazioari, elikagaiak iragazteari eta metatutako egur-piloei esker. Horrek izokinak errazago ugaltzea eragiten du. Beraz, errunaldiak ez du ibaiertzeko produkzioa soilik hobetzeko balio; feedback mekanismoa eragiten du, izokinak daramatzan mantenugaiek hurrengo belaunaldietako izokinentzat errute- eta hazkuntza-eremua hobetzen baitute.

Ikerketa Alaskan egin du Washingtongo Unibertsitatean lanean diharduen Robert Naiman-ek, eta, bere iritziz, bien arteko elkarrekintza horrek kudeaketa bateratua eskatzen du, izokinengan eragiten duen edozerk eragingo baitu landareengan, eta alderantziz. Adibide modura gehiegizko arrantza eta poluzioa aipatu ditu bere lanean.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia