Izotzezko jauregia
2000/05/16 Roa Zubia, Guillermo - Elhuyar Zientzia
Teknologiaren menpekotasuneko garaian bizi gara. Esate baterako, gero eta eraikin handiagoek eta konplexuagoek harrapatzen dituzte hirietako txoko guztiak. Gainera, artea ere lantzen da eraikinetan. Horren adibidea Guggenheim museoa da. Suediako herrixka batean, urtero eraikitzen da beste adibide polit bat: izotzez eta elurrez egindako jauregia.
Antzina grekoen eta egiptoarren eraikinak oraindik zutik daude, oso egitura egonkorra eta material iraunkorrak dituztelako. Izotzezko jauregiak, ordea, bost hilabete besterik ez du irauten. Jakina, izotzak ez ditu marmolaren ezaugarriak. Izan ere, hortxe dago gakoa eta jauregi horren xarma.
Garai haietako bitxikeria
Izotzezko jauregiak ez dira gaurko asmakizuna. Ezagutzen diren lehenengo eraikuntzak 1740. urte ingurukoak dira. Errusiako tsar baten nahiaren ondorioa izan zen. Garaiko gortesau bikote bat eztei gaua bertan izatera behartu zuen. Gainera, ihes egin ez zezaten, ateetan zaindariak ipini zituen.
Zirkulu Polar Artikotik iparraldera, 200 kilometrora dagoen Jukkasjarvi herrixkan eraikitzen dute urtero jauregi berria. Lehenengo aldiz 1989. urtean eraiki zuten, arte erakusketa batean parte hartzeko, eta ordutik hotel gisa erabiltzen da. 37 gela ditu, eta urtero 6.000 lagunek egiten dute bertan lo. Gela bakoitza artista batek diseinatu eta egindakoa da.
Nolatan ez da erortzen? Izotzezko eta elurrezko eraikinak egiteko arau nagusia da pareta bertikalik ez egitea. Arkuen itxura duten pasilloek osatzen dute jauregiaren barnealdea. Sabaiari izotz gardenezko zutabe solidoek eusten diote. Pasilloetan eskulturak daude, eta aurtengoak Suediako erreginarentzat egindako tronua dauka. Bertako tresnak ere, edalontziak adibidez, izotzez eginak dira.
Hotelaren egileetako batek, Mark Szulgit arkitektoak, basamortuan pezozko eraikinekin egiten zuen lan. Dioenaren arabera, teknika berdina da. Garrantzitsuena tentsioak saihestea da. Materiala trinkotuta egin behar da lan. Horregatik erabiltzen dira arku itxurako pasabideak. Altuera zabalera baino txikiagoa dute.
Elurra eta izotza nahastuta lortzen da material egokia. Nahaste hori tenperatura baxuetan trinkotu eta gogortzen da (inguru horretan -30 º C-ra jaisten da askotan). Metalezko moldeak erabiltzen dira egiturak egiteko. Nahastea gogortzen denean moldeak kendu egiten dira. Hiru tamainakoak daude: pasabide nagusietakoak, pasabide txikienetakoak eta geletakoak. Handienak lehenengoak izaten dira, eta akatsak izaten dituztenez zutabeek eusten diote egiturari.
Zutabeetako, eskulturetako eta leihoetako izotza Torne ibaitik jasotzen dute. Ondoan dago, eta ez du inolako zentralik. Sortzen duen izotza garden-gardena da. Izotza mozteko zerra bereziak behar dira, egurra moztekoak baino hortz handiago eta gutxiagorekin. Izotz puskak urez lotzen dira elkarrekin, tenperatura horietan kola sendoa baita.
Horrelako jauregiek duten beste erronka argiarena da. Hotela berorik ekoitzi gabe argitu behar da. Zuntz optikoek hornitutako proiektoreak eta watt gutxiko lanparak erabiltzen dira. Jauregiko tabernak neonezko argia ere badu, baina joera orokorra kolore asko ez sartzea da. Milaka kable daude paretan, «izoztuta». Hotel barruan 6 ºC-ko tenperatura dago, etengabe. Gelak ez daude luzaroan egoteko diseinatuta. Ta- bernan, behintzat, berotasun pixka bat sortzen da jendea dagoenean.
Hotelak, gehienez, maiatza arte irauten du. Hala eta guztiz ere, lana aurrera doa. Udan hu- rrengo urtekoaren plangintzari ekin behar zaio. Urtero hotela ezberdina izango da, eta etengabeko hobekuntzak aurreikusi behar dira. Gainera, handik jasotako esperientzia Finlandian eta Kanadan eraikiko diren beste izotzezko hotel batzuetan ere islatuko da. Arkitekto eta artistentzat artea lantzeko aukera. Bisitarientzat bitxikeria.
Informazio gehiago www.jukkas.se webgunean.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia