Izurrite berriak
1995/01/01 Zabala, Joserra Iturria: Elhuyar aldizkaria
Garai batean ekologistok Euskal Herrian "kirol-kaiaren sindromea" ego izurritea zabaltzen ari zela esaten genuen. Ez dinen konturatzen hori askoz grabeago den beste gaixotasun baten sindromea zela; "naturguneen aurkako fobiarena" hain zuzen.
Askotan lur-puska honetan tiporik listoenak, argienak eta azkarrenak geu garela uste dugu. Herri honetan edozein arlotek uste du gorbata jantzi eta alkate- edo diputatu-aulkia lortu ondoren injineru, arkitekto, ekonomilari, ingurugiro-gaietan aditu eta herriko seme nagusi dena batera dela, eta halaxe jokatzen du.
Horiek horrela, Einsten berriok udalak lurralde eta Euskal Herria kontinente bailiran egiten dute lan. Herri bakoitzean denetatik izan behar da: industrialde bat gutxienez, hamaika hotel, hipermerkatua, kirol-portua, golf-zelai pare bat... Berdin dio mila laguneko herria izan edo aldamenekoan zerbitzu berdinak eduki. Hemen ondo degradatuta ez dagoen herriak ez du herri izenik merezi. Eta hori ezezik, instituzio orokorretan koordinazio eta sentikortasun eza dira nagusi.
Beraz, "artista" horiek momentuan erabakiko dute balioak zein zonaldek dauzkaten eta izorratzeko egokienak zeintzuk diren; kasualitatez beti interes espekulatiboa daukatenak. Adibideen zerrenda bukaezina da: Donostiako Urumea ibaian tramo eder bat izorratuko dute "parkea" egiteko (eta etxeak, noski); Zumaian Santixoko padurak ez dauka bailorik (alkateak erabaki du) eta kirol-kaia eraiki daiteke; Plentzian Txipioko paduran kirol-kaia, noski; Lau Haixetako parkea babestuko dute, baina erakargarriagoa izan dadin hipermerkatua eta garajeak jarriko dizkiote; Orion Motondoko paduran industrigunea egingo dute Aiakoaren aldamenean eta azken hau bete gabe dagoenean; Jaizkibelgo itsas ertzean araztegia jarriko dute, ingurua zaintzeko; Karrantza erditik Euskal Herriko goi-tentsioko linea nagusia bideratu nahi dute... Eta guztiaren atzean Abiadura Handiko Trenaren mamua.
Baian Euskal Herria oso txikia da eta gure lurraldeak ezin du xahuketa hori agoantatu. Ez dago tokirik hainbeste astaproiektu mamitzeko; ezta horrelako dirutza botatzeko ere, pellokeri hauek oso garestiak baitira. Berdin dio. Orain dela hamar egun ezer ulertzen ez zuenak berehala egingo du herriko arazoen diagnostikoa eta hor ezingo dute gizarte-talde eta ekologistek, teknikariek, diputazioak edo gobernuak sartu: herrixka bakoitza, departamentu bakoitza, erresuma baita eta ingurukoak etsaiak. Neolito aroan gauzak bere honetantxe zeudela uste dut.
Dirudienez inor ez da gauza arazo horri erantzuteko. Gehiago esango nuke: gure artean hori guztia ez da arazo gisa ikusten eta horren froga urte guzti hauetako Ingurugiro Agentzia bereziaren eza dugu, edo justiziaren axolagabekeria eta, berarekin gizarte osoarena. Azken finean herri bakoitzak merezi dituen politikariak eta paisajeak izaten ditu.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia