Jabeaz arduratzen den poltsa
2005/01/30 Galarraga Aiestaran, Ana - Elhuyar Zientzia
MIT AEBetako Massachusetts-eko teknologia-institutua da. Urtero hamaika gailu, tresna eta aparatu asmatzen dituzte han, zein baino zein orijinalagoak eta aurreratuagoak. Punta-puntako teknologia erabilita, kontsumitzaileen beharrei aurre hartzen saiatzen dira. Eta oraingoan, beste behin ere, lortu dute asmatzen edozeinek nahiko duen gailua, nahiz eta inork aurrez ez zuen pentsatu horren beharrik izango zuenik inoiz. Gailu miragarri hori, gainera, norberak egiten du bere neurrira. Zer da, ordea? Bada, jabeaz arduratzen den poltsa. Sorbaldatik zintzilik eramaten den horietakoa, baina adimenduna.
Poltsa horrek barruan zer duen esaten du, eta, bide batez, zer ez duen ere adierazten du. Adibidez, jabeari giltzak hartzea ahaztu bazaio, poltsak berak esango dio giltzak falta dituela. Edo norbaitek jabea konturatu gabe telefono mugikorra ateratzen badu, berehala ohartaraziko dio poltsak. Horretaz gain, informazio gehigarria eman diezaioke poltsak, nahierara programa baitaiteke. Esate baterako, zer eguraldi egiten duen esan dezake, eta baita aterkia hartzea komeni den ala ez ere. Informazio hori guztia emateko hitza erabiltzen du poltsak, eta jabeak ere hitz egin diezaioke poltsari, esandakoa ulertzeko gai baita.
Egizu zeuk zure poltsa
Asmatzaileek izen hau eman diote poltsari: bYOB ( build Your Own Bag ), hau da, egizu zeuk zure poltsa. Poltsa txatalez osatuta dago. Horietako bakoitza erraz lotzen zaio besteari, eta denak ehun berezi batez daude eginak. Izan ere, kanpoaldearekin elkarrekintza izateko interfaze bat dute ehunaren barruan.
Jabeari interesatzen zaiona detektatzeko gai diren sentsoreak dituzte txatalek: tenperatura, argitasuna, hezetasuna... Horri esker, inguruan zer kondizio dituen antzematen du poltsak. Hala, jabeak nahi izanez gero, argi gutxi dagoenean, txatalek argia eman dezakete; hartara, jabeak ez du poltsaren barruan dituenak ikusteko zailtasunik izango.
Halaber, poltsak objektuak detektatzen ditu. Horretarako irrati-frekuentziak erabiltzen ditu, eta programatutako objektu horietakoren bat detektatzen ez duenean jabeari ohartarazten dio, txatalek duten argiaren edo hitzaren bidez.
Ordenagailuaz eta Internetez maiteminduta daudenek MITekoek eman dioten beste aplikazio bat ere eskertuko dute: txatal bakoitzak duen interfazea Internetera eta ordenagailura konekta daiteke. Konexio hori haririk gabekoa da, eta sarean sartzen diren objektuekin sinkronizatzeko gai da. Beraz, laneko ordenagailuko pantailatik zein telefono mugikorretik, esaterako, jabeak begira dezake zer dagoen etxean utzi duen poltsan. Edo poltsara pasatu dezake nahi duen informazioa: eguraldiari buruzkoa, Bilboko burtsaren gainekoa, egutegia, agenda...
Diseinu teknikoa
Txatalak karratuak edo hiruki-itxurakoak dira, eta erraz lotzen dira bata bestearekin. Prototipo bat baino gehiago prestatu dute gizonezkoen zein emakumezkoen gustuetara egokitzeko eta bakoitzak gehien gustatzen zaiona aukeratu ahal izateko. Alderdi horretatik, beraz, ez du misterio handirik.
Berrikuntza arlo teknikoan dator. Hiru motatako txatalak daude: aktiboak, pasiboak eta sortzaileak. Aktiboek eta sortzaileek sentsore-sare bat dute, argiaren bidez lan egiten duten elementuak eta mikroprozesadoreak. Aldiz, txatal pasiboek ez dute egiturari eusten laguntzea beste lanik.
Txatal aktiboen eta sortzaileen arteko aldea hauxe da: beste txatalen aplikazioa kontrolatzen duten algoritmoen gainean agintzen dute sortzaileek. Txatal sortzaileari ematen zaion itxura egiten den objektuaren arabera aldatzen da. Adibidez, poltsa baten kasuan, sorbaldatik zintzilikatzen den zinta da txatal sortzailea, eta handik kontrolatzen ditu azpitik dituen beste guztiak.
bYOB garestiegia ez izateko, teknologia merkeena eta sinpleena erabiltzen saiatu dira. Halaber, arreta handia jarri diote energia-kontsumoari, eta ahal den gutxiena erabiltzeko moduan diseinatu dute. Txatal bakoitzak behar duen energia berak sortzeko diseinatu izan balute, adibidez, kostua asko igoko litzateke. Ondorioz, produktu merkeago bat egiteko, berriz kargatzeko moduko bateriak jarri dizkiote poltsari.
Beraz, MITen asmatu duten poltsa norberak egin dezake bere nahietara eta beharretara egokituta, aplikazioak aukera daitezke, ehuna iragazgaitza eta garbigarria da, diseinua estetikoa da. Zerbait gehiago? A, bai, merkea ere bada. Haien esanean, jabeari egokitutako poltsa egitea zen helburua. Eta, diruenez, lortu dute. Merkealdian aurkituko ote dugu?
7K-n argitaratua.
Gai honi buruzko eduki gehiago
Elhuyarrek garatutako teknologia